Hitz egingo al dinagu noka?

Gipuzkoako Hitza 2019ko mar. 29a, 10:52

'Hitanoa, emakumeak ahalduntzeko tresna' jardunaldiak antolatu dituzte, biharko, Azpeitian, herriko emakumeen artean nokaren erabilera indartzeko helburuarekin. Gipuzkoako Hitza astekariak jardunaldien berri eman du.

Azpeitia da Euskal Herriko 10.000 biztanletik gorako herririk euskaldunena. Han, euskaraz egiten dute haur, gazte eta zahar gehienek. Euskaraz egiten dute kalean eta etxean, ikastetxeetan eta lantegietan. Askok hika egiten dute, gainera. Baina mutilei eta mutilen artean gehiago, neskei eta nesken artean baino. Toka gehiago, noka baino. "Noka galzorian dago, eta ez da kasualitatea emakumeen arteko komunikazio modua izatea galtzen ari dena", Ione de la Cruz Azpeitiko Emakumeen Txokoko dinamizatzailearen esanetan. "Horregatik, iruditu zitzaigun hitanoaren eta, batez ere, nokaren inguruko jardunaldiak antolatzea baliagarria izan zitekeela elkarri indarra emateko eta nokaren erabilera sustatzeko".

Biharko antolatu dituzte Hitanoa, emakumeak ahalduntzeko tresna jardunaldiak. Goizean, 11:30ean, Eli Pagolak eta Onintza Legorburuk euren esperientzien berri emango dute Garbiñe Bereziartuak gidatutako mahai inguruan. Arratsalderako, berriz, nokadromoa antolatu dute. Emakumeen Txokoan izango dira bi jarduerak. Edonork har dezake parte goizekoan; arratsaldekoan, berriz, emakumeek bakarrik.

Maite Salegi eta Izaskun Goenaga azpeitiarren ekimenez antolatu dituzte biharko jardunaldiak. "Konturatuta geunden 40 urteren bueltan gabiltzan emakumeon artean batzuek bakarrik egiten dugula noka; alegia, joera orokorra ez dela noka egitea". Salegiren hitzetan, badira noka egiten duten kuadrillak, baita egiten ez dutenak ere. "Baina badira pare bat lagunek noka egiten duten kuadrillak, baina gainontzekoek egiten ez dutenak. Gu baino zaharragoen artean, emakume gehiagok hitz egiten dute noka; aldiz, gazteagoen artean, gutxiagok".

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.