Miren Etxezarreta ekonomialariak pentsioez hitzaldia eskainiko du bihar

Uztarria.eus 2019ko api. 1a, 11:31
Miren Etxezarreta artxiboko irudi batean.

Pentsio publikoak gaur izenburupean, Sanagustin kulturgunean eskainiko du solasaldia, 19:00etan hasita. Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen plataformako kideek azaldu dutenez, aspaldi hasi zuten pentsio duinen aldeko borroka. Gaian sakontzeko antolatu du hitzaldia. Gaztelaniaz emango ditu azalpenak Etxezarretak.

Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen plataformak, Azpeitiko Udalak eta Baigera elkarteak antolatuta, Miren Etxezarreta ekonomialariak hitzaldia eskainiko du bihar, asteartea, Pentsio publikoak gaur izenburupean.
Etxezarreta ekonomialaria da ikasketaz, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle izana da hainbat urtez. Gainera, hainbat gizarte mugimendutako kidea ere bada. Hark Sanagustin kulturgunean eskainiko du solasaldia, 19:00etan hasita, eta gaztelaniaz emango ditu pentsioen gaineko azalpenak.

Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen plataformako kideek azaldu dutenez, aspaldi hasi zuten pentsio duinen aldeko borroka. Hain zuzen ere, hainbat elkarretaratze egin dute astelehenetan plazan, eta protestak ere egin dituzte batean eta bestean. Dena den, horiek "ikastearen" garrantzia ere azpimarratu dute, eta azaldu dute gaian sakontzeko antolatu dutela datorren astearteko solasaldia.

Manifestazioa, Donostian

Apirilaren 13an, zapatua, pentsio publikoak aldarrikatzeko manifestazioa deitu du adinekoen elkarteen Gipuzkoako plataformak. Protesta 17:00etan hasiko da, eta hara joateko deia egin die herritarrei Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen plataformak. "Protestarako garai egokia dela uste dugu. Izan ere, gure agintariek jakin behar dute kalean jarraitzen dugula eta jarraituko dugula eskaerak lortu arte". Hori horrela izanik, herritar guztiei manifestazioan parte hartzeko deia egin diete plataformako ordezkariek: "Gazteei nahiz jubilatuei, denei egin nahi diegu Donostiara joateko deia".