Itziar Arratibel: "Bidaiatzea bizitzako motor bat izan da niretzat"

Uztarria.eus 2019ko mar. 29a, 16:33
Itziar Arratibel bikotekidearekin, Eivissan.

Bikotekidea han bizi zela eta, duela sei urte Eivissara (Herrialde Katalanak) joan zen azpeitiarra. Dena den, sarritan itzultzen da jaioterrira. Ihintza Elustondo kazetariak elkarrizketatu du 2019ko martxoko Uztarria aldizkariko Hantxe bertan atalerako.

Nola iritsi zara Eivissara?

Bidaiatzea eta kanpoan bizitzea bizitzako motor bat izan da niretzat. Garapeneko lankidetzan lan egin izan dut, hau da, txirotutako herrialdeetan garapen prozesuak bultzatzen, eta lana tarteko, Mexikon, Latinoamerikan, Afrikan... bizi izan naiz. Orain, Eivissara joatea tokatu zait. Zehazki, Sant Josep de Sa Talaian bizi gara, baserri batean.

Nolakoa da zure bizimodua han?

Oso lasaia, familia girokoa. Lana bilatzea izan da gehien kostatu zaidana, Eivissan gehienbat turismotik bizi direlako eta gainontzeko lan alorrak eskasak direlako. Bost urte landa garapeneko elkarte batean eman ditut lanean, eta orain, neure kasa ari naiz: erakundeen indartze prozesuetan, berdintasun alorreko proiektuetan...

Berdintasuna bezalako aldarrikapenek zer indar dute han?

Oraintxe ari dira pixka bat pizten. Mugimendu feminista oso ahula izan da, baina azken bizpahiru urteotan hainbat prozesu bultzatzen ari gara. Niretzako Eivissan esparru hori bilatzea oso garrantzitsua izan da. Izan ere, gizarte antolakuntzan ahulezia handiak dituzte han, Euskal Herrian ez bezala.

Irletan negua tristea izaten dela diote. Hala al da?

Ezetz esango nuke. Gero eta gehiago antolatzen dituzte bertako jendearentzako jarduerak: kirol nahiz gastronomia arlokoak...

Eta uda, nolakoa da han?

Kaotikoa. Baina eguzkia eta itsasoa ikaragarri gustatzen zaizkit, eta atsegin dut uda Mediterraneoan pasatzea. Gustatzen ez zaidana masifikazioa da; horrek gizartean, baliabide naturaletan eta kutsaduran duen eragina.

Dioten bezain ideala al da Eivissa?

Gure aitak esaten duen bezala, han ere txakurrak hanka hutsik. Osasun eta hezkuntza zerbitzuak, esaterako, Euskal Herrian baino askoz okerragoak dira.

Gustura al zaude han?

Bai, nik erabaki baitut hara joatea eta nire bizitza proiektua han egitea: han dago nire bikotekidea, haren seme-alabak... Baina gauza asko sumatzen ditut faltan: besteak beste, euskaraz bizitzea, kale giroa, lagunak eta familia. Horregatik, sarri joaten naiz Azpeitira.