Musika eskolako ikasleen emanaldiarekin hasi dira II. Tekla jardunaldiak

Uztarria.eus 2019ko mar. 27a, 21:05

Tekladun musika tresnak izango dira protagonista egunotan herrian, martxan baitira Azpeitiko II. Tekla jardunaldiak. Iazko edizioak izandako arrakasta ikusita antolatu dute egitasmoa bigarren urtez jarraian Juan Antxieta musika eskolak, Kulturaz kooperatibak eta Azpeitiko Udalak. Lau eguneko egitarau oparoa prestatu dute, eta Juan Antxietako ikasleak arduratu dira zikloa irekitzeaz. Sanagustin kulturgunean eskaini dute Tekla jardunaldien barruko lehen emanaldia, eta jende ugari bertaratu da musika eskolako ikasleek sortutako doinuez gozatzera. Berezia izan da gaurko emanaldia, tekladun instrumentuak ez baitira izan protagonista bakarrak. Hain zuzen, pianoaren doinuei lagundu diete musika eskolako ikasleen sokazko instrumentuek. Giro goxoek hartu dute kulturgunea II. Tekla jardunaldien aurreneko emanaldian. Juan Antxietako ikasleek Tekla jardunaldietan parte hartu duten lehen aldia izanda gaurkoa.

Antolatzaileen arabera, biharkoa izango da "kontzertu garrantzitsuena". Izan ere, aurten 200 urte bete dira Clara Schumann konposatzaile eta piano jotzaile alemaniarra jaio zela, eta haren omenezko emanaldia izango da bihar Sanagustin kulturgunean. Schumannen eta haren oinordekoen piezak eskainiko dituzte biharkoan. Baina ez da izango kontzertu soil bat, interpretazioarekin eta dantzarekin uztartuko baitute saioa.  Azpeitiko bost aktorek –Mari Karmen Borda, Olatz Aguado, June Urain, Mireia Galarza eta Nora Aiertza– eta Mirari Zubizarreta dantzariak parte hartuko dute ekitaldian. Ignacio Arakistainek, Susana Plumed musika eskolako tronpa irakasleak eta Iraia Bereziartua biolin jotzaileak eskainiko dute kontzertua, 19:30ean hasita.