Alaia Juaristi azpeitiarrak Iraupen Eskiko Espainiako Txapelketa irabazi du

Uztarria.eus 2019ko mar. 27a, 15:48
Alaia Juaristi podiumeko lehen postuan.

Azpeitiarrak aurten egingo ditu 15 urte, eta hamasei urtez azpikoen mailan lehiatu zen txapelketan. Ostiraletik igandera izan zen lehia Candanchun, eta hiru modalitatetan parte hartu zuen azpeitiarrak. Guztira, urrezko domina bat eta zilarrezko bi lortu zituen. Tolosako Uzturre taldeko kidea da Juaristi, eta urtea hasi denetik hainbat balentria lortu du.

Joan zen asteburuan Iraupen Eskiko Espainiako Txapelketa irabazi zuen Alaia Juaristi eskiatzaileak. Azpeitiarrak aurten beteko ditu 15 urte, eta hamasei urtez azpikoen mailan lehiatu zen txapelketan. Ostiraletik igandera izan zen lehia Candanchun (Huesca, Espainia), eta hiru modalitatetan parte hartu zuen azpeitiarrak: klasikoa, patinatzaile estiloa eta erreleboak. Ostiraleko estilo klasikoko proban zilarrezko domina eskuratu zuen Juaristik, eta zapatuan lortu zuen urrezkoa; hain zuzen ere, patinatzaile estiloko proba irabazi zuen azpeitiarrak. Igandean, berriz, erkidegokako errelebo proba mistoan parte hartu zuen, eta bigarren egin zuten Juaristik eta haren taldekideek. Bestalde, kirolari gazteagoen mailan, Alaiaren anaia Hodeik ere parte hartu zuen igandeko erreleboetako txapelketan, eta hark eta Aragoiko haren taldeak zilarrezko dominak eskuratu zituzten.

Tolosako Uzturre taldeko kidea da Alaia Juaristi, eta Ioseba Rojoren teknifikazio eskolan egiten ditu prestaketa lanak. Urtea hasi zenetik hainbat balentria lortu du azpeitiarrak. Besteak beste, Euskal Herriko Txapelketan zilarrezko dominak lortu zituen patinatzaile modalitatean eta modalitate klasikoan. Bestalde, Benasqueko (Huesca, Espainia) Plan d'Estan hamar kilometroko iraupen eskiko proban urrezko domina jantzi zuen Juaristik joan zen otsailean. Halaber, Marxa Bereteko hamar kilometroko absolutuen lasterketan hirugarren helmugaratu zen Juaristi.