Eman daiteke izena etxebizitza ereduen gaineko 'Azpeitia, elkarrekin bizi!' prozesu parte-hartzailean

Uztarria.eus 2019ko mar. 27a, 18:15

Azpeitiko Udalak Azpeitia, elkarrekin bizi! prozesu parte-hartzailea jarri du martxan, Azpeitirako etxebizitza eredu berriak aztertzea eta abian jartzea helburu. Atzo, asteartea, aurkeztu zuten prozesu parte-hartzailea Sanagustin kulturgunean egindako batzar irekian. Bertan, prozesuaren inguruko xehetasunak azaldu zituzten Hiritik At kooperatibako kideek eta Josu Labaka zinegotziak. Udalak azaldu duenez, Labakak hartu zuen hitza aurkezpena hastean: "Molde berriko etxebizitzen inguruko bilera hau antolatu dugu uste dugulako herrian badaudela beste modu batera bizi nahi duten herritarrak. Horrelako proiekturen bat abian jartzeko indarrik eta gogorik dagoen ikusteko deitu dugu batzar hau".

Tokiko garapena sustatzeko espazioak, prozesuak eta estrategiak sortzen ditu Hiritik At kooperatibak, eta hark gidatuko du Azpeitia, elkarrekin bizi! prozesua Udalaren eskariz. Euskal Herriko hainbat herritan garatu ditu "molde berriko" etxebizitzak Hiritik Atek, hala nola Errenterian eta Usurbilen, eta proiektu horien inguruko hainbat azalpen eman zituzten atzoko aurkezpenean, esperientzia ezberdinen adibide gisa. Horiek ez ezik, beste hainbat etxebizitza ereduren gaineko informazioa eskaini zuten kooperatibako kideek, eta Kataluniako zein Italiako hainbat adibide jarri zituzten mahaigainean. 

Prozesuaren inguruko xehetasunak

Hiritik At kooperatibako kideak Azpeitiko hainbat eragiletako kideekin elkartu dira prozesuari ekin aurretik haiek etxebizitza problematikaz duten iritzia ezagutzeko. Bilkura horiek eginda eta egitasmoaren inguruko xehetasunak herritarrei aurkeztu ondoren, Hiritik At kooperatibak proposatutako metodologiarekin jarraituko dute, "herritarrek prestutasuna agertuz gero". Hiritik At kooperatibako kideen proposamenak bost fasetan banatzen du proiektuaren eraketa prozesua: etxebizitza komunitarioen izaera definitzea, sarrerarako baldintzak zehaztea, eraikinaren diseinua edo lekua finkatzea, etxebizitzetako barne antolaketa adostea eta proiektua herriari aurkeztea. Kooperatibako kideen hitzetan, "bi urte inguru" iraun dezake prozesuak. Josu Labaka zinegotziak azaldu zuenez, Udalak konpromisoa agertu du herritarrek duten etxebizitza beharraren gaineko azterketa egiteko eta molde berriko etxebizitza proiektuak garatzeko prozesua abiatzeko: "Udalaren betebeharra da herritar ororen aukera berdintasuna bermatzea. Beraz, prozesuan parte hartzeko deialdia egingo dugu lehenik, eta gero prozesua egin eta etxea egitea erabakitzen bada, orduan ere deialdia egingo da izena emateko". Orain, herritarrek Azpeitia, elkarrekin bizi! prozesu parte-hartzailearen gainean agertzen duten interesaren eta konpromisoaren arabera jarraituko dute urratsak egiten. 

Gazte zein heldu bertaratu zen Sanagustin kulturgunean egindako aurkezpenera. Azalpenak entzun ostean, beren zalantzak argitzeko eta iritziak elkarbanatzeko aukera izan zuten bertaratu ziren herritarrek.

Prozesuan parte hartzeko izen-ematea

Atzoko bileran molde berriko etxebizitzen diseinuaren prozesuan parte hartzeko izen-ematea ireki zuen Azpeitiko Udalak, eta erakundeak gaur jakinarazi duenez, hogei lagunek baino gehiagok eman zuten izena prozesuan murgiltzeko. Egitasmoaren aurkezpenera joan ez ziren baina prozesuan interesa duten pertsonek horretarako izena eman dezakete udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzura bertaratuta, 943-15 72 00 telefonora deituta edo sarrera@azpeitia.eus helbidera idatzita. 

Azpeitiko Udalak etxebizitza plangintzaren bigarren faseari ekingo dio aurten, eta horren barruan, Esklabak-Iturzulo eremuan babestutako beste 67 etxebizitza eraikiko ditu. Hori ez ezik, alokairu sozialerako 45-50 etxebizitza egingo ditu Esklabetako alde batean. Orain, "molde berriko" etxebizitzak eraikitzeko prozesua jarri du martxan. Otsailaren 13an agertu zuen Udalak Azpeitia elkarrekin bizi! prozesu parte-hartzailea irekitzeko asmoa.