Larunbatean aurkeztuko dute 'Nuarbe 29 urteko soka' liburua

Uztarria.eus 2019ko mar. 28a, 09:30

Nuarbeko Sokatira Taldearen historia jaso du liburuan Laxaro Azkunek, eta besteak beste, 70 tiralari baino gehiagoren testigantzak bildu ditu. Sanagustin kulturgunean aurkeztuko dute liburua, larunbatean, 12:00etan hasita.

Nuarbeko Sokatira Taldearen historia jasotzen duen Nuarbe 29 urteko soka liburua aurkeztuko dute larunbatean, martxoak 30. Sanagustin kulturgunean izango da ekitaldia, 12:00etan hasita. Laxaro Azkunek idatzi du lana, eta Nuarbe Sokatira Elkarteak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean argitaratu dute. 312 orrialdeko liburu mardula da jendaurrean aurkeztuko dutena.

40 urtetik gora pasatu dira Nuarbeko Sokatira Taldeak lehen aldiz lehiaketa ofizial batean parte hartu zuenetik. Orduz geroztik, Euskal Herrian inoiz ezagutu den herri hirol ibilbide "harrigarriena" egin zuen taldeak: mila txapel inguru eskuratu zituen, eta gainera, 1990eko hamarkada osoan, Europan zein munduan garaiezina bihurtu zen 560 kiloko pisuan, beste hainbat arrakastaren artean. Hasiera hartatik 29 urtera, ordea, 2006an, errelebo falta eta beste hainbat arrazoi tarteko, soka zintzilikatu behar izan zuen Nuarbeko taldeak. Harrezkero, besteak beste, desio nagusi bat izan dute tiralariek: hain aberatsa eta arrakastatsua izan den ibilbidea historia liburu batean islatuta ikustea. Hortik sortu da larunbatean aurkeztuko duten argitalpena.

Haren egileek urtebete inguru eman dute lanean, eta orain, liburua kaleratzeko eta herritarrei aurkezteko unea iritsi da. Besteak beste, 70 sokakide baino gehiagoren testigantzak jaso dituzte liburuan. Nuarbeko historiaz aparte, munduko, Euskal Herriko nahiz bailarako sokatiraren historiari ere eman diote gainbegiratua.

Azkunek Luis Gurrutxagaren eta Manuel Arregiren laguntza izan du lana ontzerakoan, eta hirurak izango dira larunbateko aurkezpenean, lanaren xehetasunak azaltzen. Horrez gain, bertan izango dira udal ordezkariak ere, eta Nuarbeko taldean sokatiran ibilitako hainbat lagun gonbidatu dute ekitaldira. Ekitaldiaren amaieran, liburuan parte hartu duten pertsonen testigantzekin osatutako bideoa proiektatuko dute, eta ekitaldira bertaratutako jendearekin argazkia ere aterako dute.

Hona hemen liburuaren aurkezpena iragartzeko prestatu duten bideoa: