Eman daiteke izena Lemoako Gazte Topagunera joateko autobusean

Uztarria.eus 2019ko mar. 26a, 12:36

Ernaik eta Aitzinak apirilaren 19an, 20an, 21ean eta 22an egingo dute Gazte Topagunea, Lemoan (Bizkaia). Azpeititik jaialdira joateko autobusa antolatu dute, eta dagoeneko eman daiteke izena Orkatzen. Lau egunetarako bonoak ere eskuragarri daude. 

Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek antolatutako Gazte Topagunerako autobusa antolatu du Azpeitiko Ernaik, eta izen-ematea zabalik dago jada. Aurten, Lemoan (Bizkaia) egingo dute Gazte Topagunea apirilaren 19an, 20an, 21ean eta 22an, askatasun bulkadak independentziara lelopean. Lau eguneko "topaketa erraldoia" prestatu dute apirileko egun horietarako, aurten 40 urte bete baititu Ezker Abertzalearen gazte antolakundeak. Jaialdira joateko autobusean izena emateko azken eguna apirilaren 14a izango da. Gazte Topagunera joateko, handik itzultzeko nahiz joan-etorria egiteko aukera izango da.

Honako hauek dira topagunean kontzertuak eskainiko dituzten musika taldeetako batzuk: Su Ta Gar, Gatibu, Eskean Kristö, Hesian Taldea, Governors, Broken Brothers Brass Band, Desorden Punk Rock, ZOO, RUDE PRIDE, Skarra Mucci, Vinagre de Moderna, Tooth, Arkada Social, Olatz Salvador Duo, Dj.Bull, Wood Strings, Zeinke Taldea, El_Txef_A, Balza, Banda Bassotti, The Mani-las, La Otra eta La Mare, Rukula, Skabidean& The Black Birds, Akort Taldea, Bad Sound, Exaixu, Berinbau, Dj.Bull, Des-Kontrol, Xabi Bandini, Porrotx, Pikete Lerroa (Fermin Muguruza eta Des-Kontrol), Mad Pompa DJ's (Madmuasel), KOMA, KOP, IRA, Nizuri Tazuneri, M I C E, Huntza, Anita Tijoux, Tribade, DJ Reimy, La Basu eta lagunak, La Furia, Euskal Dub Etxea, Dj.Bull, Euskal Anderground (Laize MC, Gatom, Uki Selektah, Herbailst, DJ Gorkhita, Raperu).

Kontzertuak ez ezik, hitzaldiak, tailerrak eta formazio saioak izango dira apirilaren 19an, 20an, 21ean era 22an, Lemoan. Lau egunetarako bonoak ere eskuragarri daude 70 eurotan.