'Pirata arratoia' eta 'Margolaria' filmak izango dira ikusgai datozen egunetan Soreasu antzokian

Uztarria.eus 2019ko mar. 28a, 09:13

Zinema emanaldiak izango dira datozen egunetan ere Soreasu antzokian. Igandean, esaterako, haurrei zuzendutako Pirata arratoia (Erresuma Batua, 2018) lana emango dute, 16:30ean hasita. Igandean eta astelehenean, berriz, Margolaria (Euskal Herria, 2018) dokumentala ere ikusi ahal izango da. Igandean, 19:30ean emango dute, eta astelehenean, ikusleen egunean, 21:00etan haita.

Pirata arratoia pelikula Jeroen Jaspaertek zuzendutako lana da, eta 55 minutuko iraupena dauka. Honako hau da filmaren sinopsia: "Kontuz arratoi piratarekin! Bide lapurren artean gozo zaleena... Bere zaldiaren gainean, bidean aurkitzen duen bidaiari guztien janaria lapurtzen du bera baino maltzurragoa den norbaitekin topo egitenduen arte. Julia Donaldsonek sortutako primerako istorio dibertigarria".

Margolaria dokumentala, berriz, Oier Aranzabalek zuzendutako filma da. Honako hau da lanaren sinopsia: "Bidaia baten istorioa da hau. Mikel Urdangarin musikariak, goiz batez, Alain Urrutia margolariarekin Skype bidez hitz egiten duenean hasten da. Azken honek margolan bat eskainiko dio Mikeli opari gisa, baina baldintza batez: haren bila etorri behar du Londresera. Bidaia hori aitzakia hartuta, antzinako greziar mitoak eta kontzertu jendetsuak uztartuz, bere lanetik bizitzeko apustua egin duen artista baten eguneroko borroka ezagutuko dugu, sorkuntzaren alkimia, ezinaren izerdia, porrotaren itzala, ospearen osteko bakardadea. Ia oharkabean, Mikel Urdangarinen labirintoaren erdigunean ezkutatutako giltzaraino iritsi arte. Bidaia bat, bukatzeko unean berriro hasten dena. Bilaketa guztiak bidaia ere badirelako. Sormena, azken batean, bilaketa delako".