Global Indian International Film Festivalerako hautatu dute 'Lekaime' film laburra

Uztarria.eus 2019ko mar. 26a, 08:40

Ez da hautagai gisa aukeratu duten aurrenko aldia; orain aste batzuk South Europe International Film Festival eta Beeston Film Festivalerako aukeratu zuten Lekaime.

Xanti Rodriguez azpeitiarrak ekoiztutako eta zuzendutako Lekaime film laburra beste jaialdi bateko sail ofizialean lehiatzeko hautatu dute. Oraingoan, Global India International Film Festivalerako aukeratu dute ikus-entzunezkoa. Ez da hautagai gisa aukeratu duten aurrenko aldia; izan ere, orain aste batzuk South Europe International Film Festival eta Beeston Film Festivalerako aukeratu zuten Lekaime.

Magia beltza, nazismoa eta Elizari lotutako haurren bahiketak uztartzen dituen hamazazpi minutu pasako film laburra da Lekaime. Fantasia eta beldurrezko generoak uztartzen ditu lanak, eta hainbat izendapen jaso du azkenaldian. Sitgeseko Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdian eman zuten lehen aldiz, eta euskarazko film laburrik onenaren saria jaso zuen Eibarko Asier Errasti jaialdian. Gainera, iaz Indiako eta Uruguaiko jaialdi banatako sail ofizialetarako hautatu zuten film laburra.