Tekla jardunaldiak egingo dituzte datozen egunetan, emakume konposatzaileen lana azpimarratuz

Uztarria.eus 2019ko mar. 25a, 14:05

Asteazkenetik igandera bitartean, lau emanaldi eskainiko dituzte Sanagustin kulturgunean eta Esklabetako elizan. Antolatzaileen arabera, ostegunekoa izango da bereziena, emakume konposatzaileek egindako lana gogoratuko dutelako orduan. Irterpretazioarekin eta dantzarekin uztartuko dute emanaldia.

Tekladun musika tresnak protagonista izango dira bigarren urtez jarraian Azpeitian. Izan ere, iazko edizioak izandako "arrakastari" jarraituz, Tekla jardunaldiak antolatu dituzte beste urte batez Juan Antxieta musika eskolak, Kulturaz kooperatibak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean, eta pianoa eta organoa ardatz dituzten saioek hartuko dute herria datozen egunetan.

Ignacio Arakistain piano eta organo jotzaileak jakinarazi du jardunaldien egitaraua, eta hark azaldu duenez, aurten "emakume konposatzaileek" tarte berezia izango dute. Haiek egindako lana azaleratu nahi dute aurtengoan, eta horretarako emanaldi berezia prestatu dute ostegunerako. Izan ere, aurten 200 urte bete dira Clara Schumann konposatzaile eta piano jotzaile alemaniarra jaio zela, eta Arakistainek gogoratu duenez, hura izan zen ezagun egin zen lehen emakume konposatzailea. "Emakumeek konposizioan izan duten garrantzia azpimarratu nahi dugu. Histoian zehar, emakumeek ez dute erraza izan musikan trebatzea, beste hainbat alorretan gertatu den bezala. Asko izan dira historiak irentsi dituen eta benetan lan txukuna egin duten konposatzaileak".

Hori dela-eta plazaratuko dituzte ostegunean Schumannen eta haren oinordekoen piezak Sanagustin kulturgunean eskainiko duten emanaldian. Baina ez da izango kontzertu soil bat, interpretazioarekin eta dantzarekin uztartuko baitute saioa. "Alaitz Olaizolaren laguntza izugarria izan dugu saioa prestatzeko. Kontzertuan entzungo diren bost emakume konposatzaileen idazkiak sortu ditu hark, eta Azpeitiko bost aktorek [Mari Karmen Borda, Olatz Aguado, June Urain, Mireia Galarza eta Nora Aiertza] eta Mirari Zubizarreta dantzariak ere parte hartuko dute ekitaldian". Musikari dagokionez, Arakistainek berak, Susana Plumed musika eskolako tronpa irakasleak eta Iraia Bereziartua biolin jotzaileak taularatuko dituzte abestiak.

Antolatzaileen arabera, ostegunekoa izango da "kontzertu garrantzitsuena", baina bezperan hasiko dira jardunaldiak. Hain zuzen ere, musika eskolako 5. eta 6. mailako piano ikasleek kontzertua eskainiko dute egun horretan, eta musika eskolako sokadun tresnen ikasleek ere parte hartuko dute bertan. Lehenengo aldiz parte hartuko dute musika eskolako ikasleek Tekla jardunaldietan, horiek ere publikoaren aurrean treba daitezen eta itsas-pianoa jotzeko aukera izan dezaten. Ostiralean, berriz, Ganbera kontzertua egingo dute, eta Donostiako Musikene kontserbatorioko hainbat ikasle izango dira herrian. Aurtengoan, akordeoi eta klarinete hotsak entzun ahal izango dira pianoarekin batera kontzertu horretan. "Berezia izango da kontzertua, batez ere, akordeoiaren eta pianoaren arteko konbinazioa oso polita delako", esan du Arakiastainek.

Iaz bezala, organo emanaldiarekin amaituko dituzte Tekla jardunaldiak, baina aurten Esklabetako elizan izango da kontzertua. Izan ere, Juan Antxieta musika eskolako organo eskolek hamar urte bete dituzte, eta efemeride hori ospatzeko aukeratu dute eliza, han eskaintzen baitituzte eskolak. Jose Luis Frantzesena eskolako irakasleak atzera begiratu du aurkezpenean, eta hark adierazi du "ikaragarrizko zortea" izan duela ikasleekin. "Izugarrizko mailara iritsi dira ikasleak, eta dagoeneko nik baino hobeto jotzen dute organoa. Erraz ikasten duten neska-mutilak izan ditut, eta informazioa hartzeaz gain, beraien ekarpenak ere egiten dituzte. Uste dut nik gehiago ikasi dudala haiekin, haiek nirekin baino".

Josu Labaka Udaleko Kultura batzordeburuak, berriz, egitasmoaren helburua herriko sortzaileek herrian plaza bat izatea dela adierazi du. "Lan asko egiten dute teklaren diziplinan, baina horiek duten jakituria zabaltzeko ez dute plaza asko". Udal ordezkariak "aberasgarritzat" jo ditu jardunaldiak, herritarrek tekladun instrumentuez gozatzeko aukera ere ematen dutelako. Labakak ez ezik, Mari Jose Bikendi musika eskolako zuzendariak ere eskerrak eman dizkie emanaldiak antolatzen aritu diren taldeei eta norbanakoei, eta hark herritar guztiak gonbidatu ditu saioetara.

II. Tekla jardunaldien egitaraua:

Martxoak 27, asteazkena: Juan Antxieta musika eskolako ikasleen kontzertua, 19:30ean, Sanagustin kulturgunean.

Martxoak 28, osteguna: Ezkutuko lana azalera: Clara Schimaneen (1819-1896) oinordekoak emanaldia, 19:30ean, Sanagustin kulturgunean.

Martxoak 29, ostirala: Ganbera musika kontzertua, 19:30ean, Sanagustin kulturgunean.

Martxoak 31, igandea: Juan Antxieta musika eskolako organo eskolaren X. urteurrena, 18:00etan, Esklabetako elizan.