Azpeitiak hartu du Minbiziaren Aurkako Egunaren lekukoa

Uztarria.eus 2019ko mar. 25a, 10:52

Datorren urrian Azpeitian izango da Minbiziaren Aurkako Eguna; izan ere, zapatuan Zarautzen jaso zuen egun horren lekukoa Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Minbiziaren Aurkako Eguna zela eta, ibilaldi girotua eta ekitaldia egin zituzten goiz eta eguerdi partean, Zarautz minbiziaren aurka lelopean. Argiñano jatetxearen aurretik Musika Plazara bitartean egin zuten ibilaldia, eta plaza horretan egin zuten ekitalditxoa. Han izan zen Etxeberria, eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukaren eskutik jaso zuen lekukoa.

Azpeitiko alkateak hitza hartu zuen Musika Plazako kioskoan, eta hark ikertzen eta kontzientzian eragiten jarraitu beharra dagoela azpimarratu zuen. Minbiziaren Aurkako Elkarteak egiten duen lana eskertu nahi izan zuen Etxeberriak: "Elkartearen jarrera eskertu nahi dut, aurre egiteko duen jarrera, bizitzaren aldeko jarrera, gaixotasunaren aurreak bakarrik ez gaudela erakusten digulako". Hark azpeitiarrei ere egin zien keinua, minbiziaren aurrean bakarrik ez daudela erakutsiko diela eta gaixotasun hori pairatzen duten herritarrekin daudela esanez.

Urtero Gipuzkoako herri batean egiten dute Minbiziaren Aurkako Eguna festa giroan, eta aurten Zarauzko AECCren egoitzak eta Zarauzko Udalak antolatu dute eguna. 2020an, Azpeitian egingo dute. (Argazkiak: Zarauzko Hitza)