Sari banaketa bereziarekin ireki dute XL. Sokamuturra Argazki Lehiaketaren erakusketa

Uztarria.eus 2019ko mar. 23a, 16:46

Gaur eguerdian ireki dute Betharrameko aretoan XL. Sokamuturra Argazki Lehiaketaren erakusketa. Ohi duenez, Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) lehiaketaren sari banaketarekin ireki du aurten ere erakusketa. "Zenbaki borobila" bete duen honetan, gainera, berezia izan da sari banaketa, ohi baino sari eta oroigarri gehiago banatu baitituzte. Joan den asteazkenean jakinarazi zituen AAEk aurtengo saridunen izenak; Alberto Belokirentzat izan dira gaur, horrenbestez, lehiaketako hiru sari nagusiak: lehen saria, Iñaki Joaristi Altzarte sari berezia, eta XL. edizioa dela-eta aurten eman duten bilduma onenaren saria. Azken sari horri Imanol Elias sari berezia izena eman diote, duela 40 urte karnabaletako sokamuturra oinarri duen lehiaketa antolatzen hasi eta urteetan antolatu zuen pertsona gogoan. Eliasen alargunak, Itziar Oiarzabalek, eman dio saria Belokiri; Oiarzabalek gaurkorako espreski idatzitako gutuna irakurri du aurretik Izaskun Zeziaga AAEko kide eta aurkezleak. Iñaki Joaristi Altzarteren izena daraman saria ere, urtero bezala, Miren Madrazok eman du, Joaristiren alargunak.

Baina sari edota aitortza gehiago ere izan da: Oiarzabalek Eneko Etxeberria alkatearen eskutik jaso duena, batetik; eta Festa batzordeburu izateari utziko dion Mikel Ibarzabalek Juan Mari Ibarzabalen eskutik eta AAEren izenean jaso duena, bestetik. Azpeitiko harmarria irudikatzen duen estazioko zubiko barandaren oroigarria jaso du zinegotziak; Juan Mari Ibarzabalek gogoratu duenez, Udaberriko Argazki Rallyko irabazleek jaso ohi duten oroigarria da hori, baina aitortza bereziak egiteko ere erabiltzen dute argazki elkartekoek.

123tik 102 ikusgai

22 argazkilarik aurkeztu dituzte lanak aurtengo lehiaketara; Azpeitikoak eta inguruko herrietakoak ez ezik, Barakaldoko, Durangoko eta Iruñeko argazkilariek ere parte hartu dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Guztira, 123 argazki jaso dituzte, 95 sokamuturrari lotutakoak eta 28 karnabal giroko irudiekin. Erakusketan, ordea, ezin izan dituzte guztiak jarri, "espazio faltagatik". Horrela, gaurtik aurrera Betharrameko aretora joaten direnek 102 argazki ikusi ahal izango dituzte, 81 sokamuturrekoak eta 21 karnabal girokoak.

Apirilaren 14a arte egongo izango da ikusgai gaur ireki duten erakusketa, ohiko ordutegiarekin: astegunetan arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan eta jaiegunetan eguerdiz, 12:00etatik 14:00etara.