Biolontxelo doinuak Orkatzen, udaberriari ongietorria emateko

Uztarria.eus 2019ko mar. 22a, 13:38

Udaberriari musika doinuekin eman diote ongietorria Orkatz kultur elkartean, askotariko kontzertuak antolatu baitituzte egunotarako. Atzo, osteguna, Trigger Prototxelo bakarlariak eskaini zuen lehen emanaldia, eta txeloa lagun zuela, musikariak tresna horrekin sortu dituen abestiak taularatu zituen hainbat lagunen aurrean. Gaur ere musikak girotuko gaua izango dute Orkatzen, baina bestelako doinuak entzun ahal izango dira. Izan ere, Soma Cult eta Trini Fox taldeak igoko dira taula gainera, publikoa rock and roll eta stoner doinuez animatzeko asmoz.

Azpeitiko, Azkoitiko eta Beasaingo hiru musikarik osatzen dute Soma Cult taldea: Julen Hidalgo azpeitiarrak, Jose Mari Unanue azkoitiarrak eta Joseba Gutierrez beasaindarrak. 2017 urte bukaeran jaio zen, eta 60ko eta 90eko hamarkadadetako doinuak erreferentzia hartuta sortzen dituzte abestiak. Trini Fox taldea, berriz, Azkoiti-Azpeitiko hiru lagunek osatzen dute: Iñaki Zubeldiak eta Gilen Aldalur azpeitiarrek eta Suharri Aranburu azkoitiarrak. Punk Rock, stoner, hard rock eta rock alternatiboa lantzen dituzte horiek.

(Argazkia: Orkatz kultur elkartea)