Artea, barrukoak kanporatzeko bide

Gipuzkoako Hitza 2019ko mar. 22a, 18:30
Ione Urrestilla, Zuri Hartz arte eskola eta galeriaren atean. (Aitziber Arzallus)

Zuri Hartz arte eskola eta galeria zabadu dute Azpeitian. Artearen barruan sar daitekeen guztia lantzeko gune bat da, eta kanpotik datozen artistek ikastaroak ematen dituzte. Datorren ostiraletik aurrera, Aitor Etxeberriaren lanak izango dira ikusgai. Gipuzkoako Hitza astekariak proiektuaren berri eman du.

Hartz zuria animalia totemikoa da kultura askotan, naturaz gaindiko indarrak eta ezaugarri espiritualak dituen izaki bat. Adorearen, barne indarraren eta nahimenaren iruditzat dute askok, eta introspekziorako gaitasuna du ahalmen goren. Hartza totemtzat daukaten kulturetan, uste dute norberak barruan duela gaitz guztien sendabidea eta barne azterketa dela hura kanporatzeko bidea. Ione Urrestillarentzat ere (Azpeitia, 1971) animalia totemikoa da hartz zuria. Eta horregatik jarri dio Zuri Hartz izena Azpeitiko Erdikalean ireki duen arte eskola eta galeriari. "Niretzat, artea barruan daukadana ateratzeko modua da, beharra da, liberazioa; eta horretarako da espazio hau: gure barruarekin konektatzeko eta barruan daukagun hori kanporatzeko".

Urrestillaren hasierako asmoa arte eskola bat irekitzea zen. Arte klasikoen, arte ederren eta arte eszenikoen esparruan dituen ezagutzak besteekin konpartitzeko gune bat nahi zuen, artearen barnean sar daitekeen dinamika oro lantzeko leku bat, non inork ez duen inoren lana epaituko eta balioetsiko. "Irakaskuntzan aritu naiz azkenaldian, Waldorf metodologia erabiltzen duen Trokonizko eskola batean, Araban. Metodologia horrek artea du oinarrian, eta eroso sentitu naiz; haurrekin izugarrizko harremana izan dut. Horrexek eman dit azken bultzada eskola zabaltzeko erabakia hartzeko".

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.