Chaplin garagardoak lehen saria eskuratu du Barcelona Beer Challenge txapelketan

Uztarria.eus 2019ko mar. 21a, 14:08

Double Ipa mailako lehen saria eskuratu du Xabier Larramendik ekoiztutako Chaplin Brew and Roll garagardoak. "Ezustean" hartu du saria Larramendik. Orain, garagardoen errezetak ezagutzen jarraitzeko eta sariketetara aurkezteko asmoa du Larramendik.

Azpeitiko Charles Chaplin tabernako nagusi Xabier Larramendik ekoiztutako Chaplin Brew and Roll garagardoak lehen saria eskuratu du Barcelona Beer Challenge txapelketan, Double Ipa mailan. "Ezustean" jaso du saria Larramendik, baita "pozez" ere. Hark Uztarria.eus-i kontatu dionez, iazko abenduan hasi zen Chaplin garagardoa ekoizten, eta Bartzelonako lehiaketara aurkeztutakoa sortutako errezetarekin ekoiztutako bigarren loteko garagardoa da. Orain, hirugarren lotea egiteko asmoa du Larramendik, Chaplin garagardoaren eskariak "gora" egin baitu. 

Larramendik kontatu duenez, "lagun eta bezero artean" sortu zen ideia, garagardoaren gaineko zaletasunak animatuta. "Garagardoa egitekoak ginen, eta irudia behar genuela ikusita Xanti Rodriguezi esan genion etiketaren diseinua egiteko. Behin hori eginda, sariketara aurkeztu ginen, eta ezustean jaso dugu saria", azaldu du Chaplin garagardoaren ekoizleak. Orain, garagardoa egiten jarraituko du Larramendik, baita lehiaketetara aurkezten ere. "Iaz Europa aldean ibili ginen garagardo ezberdinen errezetak ezagutzen-eta. Aurten ere asmo hori dugu", dio. Lehiaketei dagokionez, "oraingoz" Europan egiten diren pare bat txapelketara aurkeztuko dela aurreratu du Larramendik. Bitartean, Bartzelonan jasotako sariaz gozatuko du Charles Chaplin tabernako nagusiak.