Ametsak, amu

Uztarria.eus 2019ko mar. 21a, 16:23
Jose Manuel Asiain. (Ane Olaizola)

Amesten eta oroitzapenetatik bizitzen lagundu dio arrantzak Jose Manuel Asiaini. Mundu zabalean praktikatu du kirol arrantza azpeitiarrak, eta harek kontatutakoekin osatu du erreportaje hau Ane Olaizola kazetariak, 2019ko martxoko Uztarria aldizkarirako.

"Ameslari bat naiz. Ametsik ez dudan eguna, hilda nagoen eguna izango da”. Hala dio Jose Manuel Asiainek (Castejon, Nafarroa, 1948). Kirol arrantzaren zale porrokatua da azpeitiarra, eta ametsen amuan harrapatuta eraman du bere bizitzaren zati handi bat. Izan ere, munduko bost kontinenteetako uretan arrantza praktikatzeko aukera izan du, bere pasioak hala bultzatuta. "Munduan zehar arrantzan ibiltzeko amets egiten lagundu dit zaletasun honek; bidaietatik itzulitakoan, berriz, esperientziak oroitzen bizi izan naiz".

Heriotzarik gabeko euli-arrantza praktikatzen du Asiainek; izan ere, itsasoan izan ezik, gainerako lekuetan arrainak bizirik itzultzen ditu uretara. Garaiko beste asko bezala, gaztetxoa zela Urola ibaian hasi zen arrantzan, eta inguruko ibaietan indartu zuen bere zaletasuna. "Telebistan ikusten nuen beste herrialde batzuetan hemen baino gehiago arrantzatzen zela, eta orduan hasi nintzen kanpora ateratzen". 44 urte inguru zituenean bidaiatu zuen aurrenekoz urrutira; Errusiako Kola penintsulara joan zen arrantzara, eta han baieztatu ahal izan zuen telebistan entzuna zuen hura. "Berriz Kolara itzultzeko irrikaz bueltatu nintzen etxera. Zeharo katigatu nintzen".

Ordutik, mundu zabalean ibili da Asiain, batez ere, amuarrainen eta izokinen arrantzan, eta antipoden lekuko ere izan da azpeitiarra: Islandia, Norvegia, Bosnia, AEB, Kanada, Kuba, Galapago uharteak, Mongolia, Ginea Bissau eta Zeelanda Berria zerrenda amaigabeko herrialde batzuk besterik ez dira. Lagun artean nahiz bakarka ezagutu du mundua, eta klima eta inguru egokia duten eta arrain asko dauden herrialdeak izan ohi ditu jomugan. Ia beti, gainera, aurrez prestatu ohi du bidaia. "Lehendabizi, arrantza egiteko eskubideak erosi eta hango ostatua hartzen dugu". Behin hara iritsitakoan, hainbat modutan egiten ditu egonaldiak. "Txilen, esaterako, laku baten ondoan zegoen hotel batean izan ginen; Errusian, berriz, soilik helikopteroz irits zitekeen kanpin denda handietan egiten genuen lo. Mongolian, buruan genuen ibaira iristeko 48 ordu egin genituen Jeep batean". Bidaiok "magikotzat" ditu azpeitiarrak. "Errusian, zirkulu polarretik gertu, egunak luzeak dira. 04:00etan komunera joateko jaiki eta ikusten duzu eguna dagoeneko argi dagoela. Gauerdian ere izugarrizko eguzkia dago. "Orain, ohera joan behar al dut?', galdetzen duzu halakoetan".

Hitz bakarrean azaldu du azpeitiarrak arrantzak sentiarazten diona: poza. Arrantzan hasten denean, munduarekin deskonektatzen duela aitortu du, eta orduak igaro ditzake horretan: "Lagunek askotan ohartarazi izan naute. 'Manolo, bazkaltzeko ordua da!'. Baina halako gustura egoten naiz arrantzan... Une horretan jateak garrantzirik ez du izaten. Eta nahiago izaten dut arrantzan segitzea. Halako asko egin ditut". Gainera, adierazi du berak praktikatzen duen arrantzarako sasoian egon behar dela. "Oso dinamikoa da, une oro ari baitzara mugitzen. Ia atleta bat izan behar duzu arrantzan egiteko, ibai ondoan ordu ugari igaro behar dituzu eta. Niri, behintzat, hala egotea gustatzen zait".

Asiainen arabera, afizio bera duten arrantzaleek zera nahi izaten dute: "Joaten diren lekuan, arrantzan ariko den lehen arrantzalea izango dela sentitu behar izaten dute". Esklusibotasun hori da, besteak beste, arrantzalea munduaren bestaldera joatera bultzatzen duena, baina horrek prezio bat du, eta ez edonolakoa. "Espainian, esaterako, ibaiak libreak dira, eta lizentzia duen orok egin dezake arrantza. Beste herrialde batzuetan, berriz, ibaiarekin muga egiten duten lursailen jabeenak dira arrantza eskubideak, eta kasu horretan, jabeari ordaindu egin behar zaio. Horrez gain, herrialde batzuetan ibaiak libreak diren arren, hara iristeko zeharkatu behar dituzun lurren jabeei kanon bat ordaindu behar izaten diezu". Gainera, arrantza eskubideengatik ordaindu beharreko diru kopurua "gehiegizkoa" dela nabarmendu du: "Norvegiako Altaeva ibai ezagunean, esaterako, egun bateko arrantza eskubideak 6.000 euro balio ditzake. Islandia ere leku aparta da izokinak harrapatzeko, baina hura ere zeharo garestia da. Hain da garestia, non eskubideak bi pertsonen artean partekatzen dituzten. Batek arrantzatzen duen bitartean, besteak begiratu egiten du, eta txandakatu egiten dira gero".

Garestia izanagatik, badago kirol arrantzaren bueltan sortu den merkatuari erantzuten dion jendea: "Zenbait lekutan, denborarekin ibiltzen ez bazara, ostatu hartzeko eta txalupetan ibiltzeko lekurik ez duzu topatuko". Dena den, Asiainek nahiago du ur xumeagoetan bustitzea, horietan ere badagoelako zer harrapaturik. "New Jerseyn (AEB), esaterako, azaro aldean, milaka lupi egoten dira hondartzetan. Hango arrantza librea izateaz gain, egonaldia ere merkea izaten da".

Zorionekoa sentitzen da bere afizioak ahalbidetu dionagatik, eta arrantzak adiskide berriak egiteko aukera ere eman dio azpeitiarrari. Kanadara egin zuen bidaietako batean ezagutu zituen gerora egin dituen bidaietan ondoan izan dituen lagunak, eta han egin zuen topo Canal Digital telebista kateko kamelarari batekin ere. Harreman hartatik abiatuta, Canal Digital telebista kateko SeaSons arrantza saioan agertu izan da azpeitiarra hainbat alditan: "Zortea izan dut asko arrantzatu dudalako, eta arrantzan zein elkarrizketak egiten grabatu izan naute".

Egun jubilatuta dago Asiain, eta hark esan duenez, "denborak bere lekuan jarri" du. "Arras pobrea bihurtu naiz erretiratu naizenetik. Plan gutxi egiten dut orain", dio barrez. Arrantzarako euliak egiten aritzen da azpeitiarra, baina bien bitartean, desioek ez dute etenik haren buruan. Argentinako Rio Grande hiria, Patagoniako Strobel lakua, Siberiako iparraldean dagoen Kamchatka penintsula... Amu tentagarriegiak dira horiek ametsetatik esnatzeko.