Gipuzkoako adinekoen egoitzetan beste 27 greba egun deitu ditu ELAk

Uztarria.eus 2019ko mar. 21a, 13:26
Urola Kostako egoitzetako langileek otsailaren 22an Azpeitiko plazan egin zuten protesta, ELAk deituta.

Apirilaren 1etik 12ra, 26tik 30era eta maiatzaren 1etik 10era egin du deialdia sindikatuak.

Diputazioaren "pasibotasuna" ikusita, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako lan gatazka desblokeatzeko eman beharreko pausoak zehaztu ditu ELA sindikatuak. Besteak beste, beste 27 greba eguneko deialdiaren berri eman du: apirilaren 1etik 12ra, 26tik 30era eta maiatzaren 1etik 10era.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako 5.000 langileren baldintzak arautzea eskatu du beste behin sindikatuak. 2017an ekin zieten negoziazioei, baina gaur egun egoera "hankaz gora" dagoela salatu du ELAk. Patronalaren gehiengoarekin aurre-akordioa lortu zuen sindikatuak; hala ere, diputazioak ez finanatzatzea erabaki duela azaldu du. Hori dela eta, ELAko ordezkariek borrokaren bidean sakontzea erabaki dute. 

Gipuzkoako langileen lan baldintzen ardura bere gain hartzea, zaintzari eta zaintzaileei lehentasuna ematea, berdintasunaren aldeko ariketa praktikoa egitea eta enpresak greba egunetan %100ean ez finantzatzea eskatu diote diputazioari. 

Bestetik, patronalaren helburua ordainsariei eta beraien negozioari eustea direla uste dute ELAn; Batzar Nagusietan egindako agerraldian aurre-akordioarena argi uzteko aukera izan zutela uste du sindikatuak. Adinekoen egoitzetan senitartekoak dituztenei, berriz, greba egunetan jasotzen ez duten zerbitzuagatik ez ordaintzeko eskaera egin diete.