Euskal Antzerki Topaketetara proiektuak aurkezteko epea zabaldu dute

Uztarria.eus 2019ko mar. 21a, 13:19
Iazko topaketetan eskaini zuten 'Martin Zalakain' ikuskizuneko irudia.

Konpainiek apirilaren 15era bitartean aurkeztu beharko dituzte proposamenak. Bi ezaugarri bete beharko dituzte eskaria egiten duten taldeek: Euskal Herriko konpainiak izan beharko dute, eta obrek euskarazkoak. Eskaerak kultura@azpeitia.eus helbide elektronikora mezua bidalita egin beharko dira

Datorren udazkenarekin iritsiko dira XXXVII. Euskal Antzerki Topaketak Azpeitira, eta antzerki konpainiek dagoeneko aurkez ditzakete proiektuak. Izan ere, Udalak topaketetarako lanen aukera egiteko epea ireki du, eta sortzaileek apirilaren 15era bitartean aurkez ditzakete proposamenak udaletxean. Proposamenak egiten dituzten taldeek bi ezaugarri bete beharko dituzte: Euskal Herriko konpainiak izan beharko dute eta obrek euskarazkoak.

Eskaerak udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan egin beharko dituzte taldeek, eta obraren aurkezpena, sinopsia edo laburpena, fitxa teknikoa nahiz artistikoa eta material grafikoa aurkeztu beharko dituzte. Eskaerak kultura@azpeitia.eus helbide elektronikora mezua bidalita egin beharko dira. Edozein argibide behar dutenek, berriz, 943-15 70 68 telefono zenbakira deitu edo kultura@azpeitia.eus helbidera mezua idatz dezakete.