Trini Fox taldeak Maketa Lehiaketako GazteBizHitza Saria irabazi du

Uztarria.eus 2019ko mar. 21a, 12:12

Gaztea irratiak antolatutako Maketa Lehiaketan entzuleen boto gehien eskuratu ondoren, 2.500 euro eta apirilaren 5eko finaerako sarrera irabazi ditu Azkoiti-Azpeitiko musika taldeak.

Trini Fox Azkoiti-Azpeitiko musika taldeak jaso du Gaztea irratiak antolatutako Maketa Lehiaketako GazteBizHitza Saria, entzuleen boto gehien jaso ondoren. Atzo, asteartea, amaitu zen lehiaketaren bozketa fasea, eta boto gehien eskuratuta, 2.500 euro eskuratu ditu hirukoteak. Diru saria irabazteaz gain, apirilaren 5ean izango den finalera ere sailkatu da taldea.

Trini Fox taldearen atzetik, S.T.R. geratu da bigarren postuan, eta horrenbestez, talde hori ere finalean izango da. Epaimahaiak, bere aldetik, Montauk, Jokin Trikitixa eta Sua taldeak ere aukeratu ditu finalerako. Bost finalistek Bilboko Kafe Antzokian eskainiko dute kontzertua apirilaren 5ean, eta horietako batek jasoko du 5.000 euroko saria —Epaimahaiaren Saria–. Horrez gain, BBK Live jaialdian kontzertua eskaintzeko aukera izango du irabazleak. Sari nagusiaz gain, ordea, Kafe Antzokiaren sari berezia ere banatuko dute, eta irabazleek 300 euro jasoko dute.

Azpeitiko eta Azkoitiko Trini Fox taldearen Zurrunbiloa naiz kantarekin jaso du Trini Fox taldea Entzuleen Saria. Suharri Aranburu azkoitiarrak eta Iñaki Zubeldiak eta Gilen Aldalur azpeitiarrek osatzen dute Trini Fox taldea. Punk Rock, stoner, hard rock eta rock alternatiboa lantzen ditu Trini Fox taldeak.