Azpeitia "aniztasunetik eraikitzen jarraitzeko konpromisoa berretsi" du Udalak

Uztarria.eus | Udala
2019ko mar. 21a, 10:26

Adierazpen instituzionala zabaldu du, gaur Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta. Besteak beste, gaurko egunaren harira herrian antolatu diren ekintzetan parte hartzeko dei egin die herritarrei, "batez ere" gaur 19:00etan plazan egingo den elkarretaratzean.

Gaur, martxoak 21, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna da, eta Azpeitiko Udalak bat egin du gaurko egunaren mezuekin, adierazpen instituzional bat plazaratuta.

"Gure gizartea ezin da ulertu aniztasuna aintzat hartu gabe, ezta ere kontuan hartu gabe urteetan zehar beste herri eta nazioetan jatorria duten euskal herritarrek gure herria eraikitzeko egindako ekarpenik gabe", dio Udalak adierazpenaren sarrera gisa. "Aniztasun hori dela eta, edozein herritar diskriminatzeko saiakerek edo herritar horien eskubideak urratzeko edozein jarrera arrazistak beti izango ditu aurrean Udalaren erantzuna eta salaketa", gaineratu du, Sei puntu ditu Udalaren adierazpen instituzionalak; besteak beste, gaurko egunaren harira herrian antolatu diren ekintzetan parte hartzeko dei egin die herritarrei, "batez ere" gaur 19:00etan plazan egingo den elkarretaratzean.

Hauek dira Azpeitiko Udalak onartutako adierazpenaren puntuak:

1. Herrian bizi diren pertsona guztiak dira azpeitiarrak, edonon jaioak izanda ere.

2. Arrazakeriaren eta xenofobiaren kontra lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu; eta herritar guztion aukera berdintasuna eta ezberdin izateko eskubidea bermatzeko lanean jarraituko dugu.

3. Gure herria aniztasunetik eraikitzen jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, eta hori herritar guztiekin batera egingo dugu. Edozein dela ere bere jaioterria, eskubide guztiak aitortu eta behar adina bermatuz, nola politikoak eta zibilak, hala babes eta aterpe eskubideak, eskubide ekonomikoak eta sozialak, kultur eskubideak eta hizkuntz eskubideak zein betebeharrak.

4. Azpeitiko Udalak lanean jarraituko du gure herriko eta Euskal Herriko jatorri eta kultura aniztasuna balio positibo gisa onartua izan eta gizarte kohesio bilaka dadin, bizikidetza bultzatzeko eta errazteko elkarren aitortzan eta errespetuan oinarritutako politikak sustatuz.

5. Gure determinazioari eutsiko diogu aniztasun, migrazio eta naziotasun politika propioak Euskal Herrian bizi garen guztion artean nola kudeatu nahi ditugun erabakitzeko eta definitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Baita herri gisa hartutako erabakiak, arlo honetan ere, Estatu Espainol zein Frantsesari errespeta ditzaten eskatzeari ere.

 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu