Herri kirol erakustaldiarekin, amaitu dira Loiolako festak

Uztarria.eus 2019ko mar. 19a, 20:38

San Jose Egunez, goiz partean ez ezik, arratsaldean ere izan da zertaz gozatua Loiolan. 17:30ean hasita, herri kirol erakustaldia izan da santutegiaren atarian: aizkoran aritu dira Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a, eta harri jasotzen, Aimar Irigoien eta Jon Unanue Goenatxo III.a. Jarraian, Egurrola aita-semeek trikiti doinuz alaitu dute auzoa, eta umeentzat puzgarriak ere izan dira. Gainera, otarra eder bat eta bi lagunentzako asteburu bateko egonaldia  zozkatu dute, eta 1.393 zenbakia egokitu da; momentuan bertan agertu da zenbakiaren jabea. Jende ugari bertaratu da arratsaldean Loiolara, eta giro polita nagusitu da.