EH Bilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaietako bat da Estitxu Elduaien

Uztarria.eus 2019ko mar. 19a, 18:21
Estitxu Elduaien eta gainontzeko hautagaiak, gaur Donostian egindako agerraldian. (EH Bildu)

EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiak aurkeztu ditu gaur, Donostian, Juan Karlos Izagirre buru dela. Deba-Urola barrutiko zerrendan, bigarrena da Elduaien.

Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiak aurkezteko ekitaldia egin du gaur EH Bilduk, Donostian. Dagoeneko jakina zen Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohia izango zela Gipuzkoako EH Bilduren hautagai nagusia datozen foru hauteskundeetan, baina gainerako zerrendakideak zeintzuk izango diren gaur jakinarazi dute. Haien artean da Estitxu Elduaien, gaur egun Azpeitiko Udalean zinegotzia dena; ikasketaz, Ikus-Entzunezko Komunikazioan lizentziatua eta Turismoan graduatua da. Deba-Urolako barrutian, bigarrena da zerrendan azpeitiarra, Mikel Biain oñatiarraren atzetik.

"Gipuzkoar guztiak kontuan izango dituen aldundia" egin nahi dutela azaldu du Izagirrek gaurko agerraldian: "Lehenengo eta bigarren mailako gipuzkoarrik gabekoa, inbertsioak lurralde osoan orekatuko dituena eta ez denak toki berean". Horretarako, "talde anitza, orekatua eta sendoa" osatu dutela nabarmendu du, "gipuzkoarren gehiengoak dituen premia eta aspirazioei erantzungo dien taldea".