Jendetza elkartu da Loiolan, San Jose Eguneko asto lasterketaren bueltan

Uztarria.eus 2019ko mar. 19a, 15:33

Jendetza gerturatu da gaur, San Jose Eguna, goiz eta eguerdi aldean Loiolara, San Jose jaietako egun handirako loiolatarrek prestatu duten egitarauaz gozatzera. 11:00etan hasita, haurrentzako puzgarriak eta poniak izan dira Loiolako santutegiaren atarian, eta jende ugari bertaratu da goiza bertan pasatzera. Eguerdi aldean iritsi da hitzordu nagusia, ohitura den sanjosetako asto lasterketa, hain zuzen. Aurten lau lagun animatu dira Aitzol Arregiren asto gainera igo eta proban parte hartzera. Eguraldia tarteko, Loiolako zelaietan egin dute proba, eta jendetza elkartu da ibilbidearen alde banatan lasterketa ikusteko gogoz. 13:00ak pasatxo ekin diote lasterketari, eta ibilbideari hainbat buelta eman ostean, Olatz Egiguren eta Xakira astoa izan dira helmugara iristen aurrenak. Bigarren sailkatu dira Izaro Egiguren eta Braulia, hirugarren Aitor Agirrezabal eta Raikonen eta laugarren Unai Agirrezabal eta Maite. 

Arratsaldean jarraituko du festak Loiolan. 17:30ean hasita, herri kirol erakustaldia izango da santutegiaren atarian. Aizkoran ariko dira Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a, eta harri jasotzen ariko dira Aimar Irigoien eta Jon Unanue Goenatxo III.a.  Egurrola aita-semeen trikiti doinuz girotuko dute auzoa arratsaldean ere.