Altsasuko gazteen zigorra berrestearen aurkako manifestaziora joateko autobusa antolatu dute Azpeititik

Uztarria.eus 2019ko mar. 19a, 12:39

Orkatzen egin daiteke autobuserako izen-ematea. Igandean 10:30ean irtengo da autobusa Azpeitiko anbulatorio aurretik Altsasura. 

Altsasuko gazteen kontrako zigorra berrestearen aurkako manifestazioa izango da igandean Altsasun. Mobilizaziora joateko autobusa antolatu dute Azpeititik, eta dagoeneko eman daiteke izena autobusean. Hain zuzen, Orkatz kultur elkartean jarri dute izena emateko orria. 

Igandean, 10:30ean jarri dute hitzordua Azpeitiko anbulatorio aurrean. Handik irtengo da autobusa Altsasura. Hau ez da justizia lelopean egingo dute manifestazioa, 12:00etan hasita.

Espainiako Auzitegi Nazionalak martxo hasieran berretsi zuen Altsasuko gazteen kontrako epaia. Apelazio aretoak Iñaki Abadi soilik murriztu dio espetxe zigorra –hamar urtetik sei urtera–. Gainerakoan, 2018ko ekaineko epaiak ezarritako 72 urteko zigorra berretsi du Auzitegi Nazionalak. Erabaki hori salatzeko deitu du igandeko manifestazioa Altsasuko Gurasoak plataformak. 

2016ko urrian Altsasuko taberna batean bi guardi zibilekin izandako liskar batengatik epaitu zituzten Altsasuko gazteak, terrorismo delitua egotzita.