Euskarak Nafarroan XIX. mendera arte utzitako aztarna dokumentala ikusgai da Azpeitian

Uztarria.eus 2019ko mar. 15a, 18:04
Agustin Lizarralde, Peio Monteano, Aitor Bereziartua, Joaquim Llanso eta Mikel Ibarzabal, erakusketaren aurkezpenean.

Gaur ireki dute Basazabal jauregian Navarrorum, Nafarroako Gobernuak sustatutako erakusketa ibiltaria. Bi mila urtean Nafarroan euskaraz eta euskarari buruz idatziz jaso direnak ardatz hartuta, hizkuntzaren erabilerak eta presentziak historian zehar izan duen bilakaera azaltzen du erakusketak. Apirilaren 28a arte bisitatu ahal izango da.

"Euskara Nafarroaren historian erdigunean egon dela eta, era berean, Nafarroa euskararen munduan erdigunean egon dela erakustea". Horiek dira, Peio Monteano historialari eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko artxibozainaren hitzetan, gaurtik Basazabal jauregiko beheko solairuan ikus daitekeen erakusketaren helburu nagusiak. Monteano da, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuak antolatutako Navarrorum erakusketaren komisarioa, eta gaur eguerdian berak azaldu ditu agiri zerrenda mardula oinarri duen bilduma ibiltariaren xehetasunak, aurkezpen prentsaurrekoa bisita gidatu batekin osatuz.

Bi mila urtean euskarak Nafarroan utzi duen idatzizko aztarna erakusten du Navarrorumek, erromatarren garaitik hasi eta XIX. mendera arte euskaraz idatzitako edota euskarari buruz idatzitakoei errepasoa eginez. Horretarako, hiru dozena agiri hautatu dituzte antolatzaileek, guzti-guztiak Nafarroarekin loturaren bat dutenak: Nafarroari buruzkoak, Nafarroan idatziak edo nafarrek eginak dira. Bernat Etxeparek XVI. mendean argitaratutako Linguae vasconum primitiae ezaguna dago tartean, euskaraz inprimatutako lehen liburu bezala ezagutzen dena. Erakusketan, ordea, badaude Etxeparena baino lehen inprentaren bidez zabaldutako euskarazko testuak, baita inprentaren aurretiazko hainbat esku-izkribu ere; horietako asko, gainera, urteetan Nafarroan euskararen erabileraz edota hedapenaz emandako hainbat datu eta zabaldutako hainbat mito kolokan jartzera datozela nabarmentzen dute erakusketaren arduradunek. Nafarroako arxtibategiak, museoak eta gordailuak dira erakusketako agiri gehienen iturria, baina badira tartean Afrikatik, Amerikatik eta Europako beste zenbait dokumentazio zentroetatikekarritakoak ere.

Sei multzo

Euskararen erabilerak eta presentziak Nafarroan historian zehar izan duen bilakaera azaltzen du erakusketak. Bilakaera hori azaltzeko, informazioa paneletan jasota eta ikus-entzunezko baliabideekin osatuta, sei multzotan banatuta agertzen dira erakusketaren edukiak, kronologikoki antolatuta, nagusiki: Hizkuntza, bere aztarnan izenekoa da aurrena eta erromatarren garaia eta Erdi Aroaren lehen mendeak hartzen ditu; Hizkuntza, izenaren jabe da bigarrena, eta Erdi Aroaren gailurrean Nafarroatik igarotzen ziren atzerritarrek nafarren hizkuntzaz esandakoak eta hizkuntza horri emandako izenak jasotzen ditu; Hizkuntza, idazteko da hirugarrena eta, izenak adierazten duenez, euskara pergaminoetara eta paperera iristen hasi zen garaia du oinarri; Hizkuntza, inprimategian da laugarren multzoa, aipatutako Etxeparerena ez ezik, euskaraz inprimatutako askotariko idatziak erakusten dituena; Hizkuntza, atzeraka da bosgarrena, eta XVII. mendetik aurrera idatzitako euskara administrazioan-eta presentzia galtzen hasi zenekoak islatzen ditu; Hizkuntza, arrazoiaren eta nazioaren artean izena eman diote seigarren eta azken multzoari, "liberalismo uniformizatzailearen eta nazionalismo identitarioaren artean harrapatuta" azaltzen dute euskara, XIX. mendean. Testu eta bideo guztiak lau hizkuntzatan daude: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa.

Panelak eta ikus-entzunezko azalpenak ez ezik, Nafarroako artxiboetan gordeta dituzten zenbait izkribu eta argitalpen orijinalen erreprodukzioak ere ekarri dituzte Azpeitira, erakusketa osatzeko. Aralarko pergaminoa (1167), Nafarroako Foru Orokorra (XIII. mendekoa), Zalbako Matxinen gutuna (1416), Leizarragaren biblia (1571) eta Gero liburuaren lehen edizioa (1643) dira, hain zuzen ere, agiri horiek.

Apirilaren 28a arte

Badira bi urte Navarrorum erakusketa ibiltaria martxan dela. Monteanok gaur esan duenez, Azpeitikoa izango da ikusteko azken aukeretakoa, laster bukatuko baitu bere ibilia erakusketak. Nagusiki Nafarroan bertan erakutsi dute, baina Belgikaraino ere iritsi da, besteak beste, bi urteotan.

Azpeitian, apirilaren 28an itxiko ditu ateak erakusketak Basazabalen. Ordura arte, asteartetik ostiralera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; eta zapatu, igande eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara bisitatu ahal izango da.