Urtebetean 22 puntu igo da Azpeitian gaika jasotako hondakinen tasa

Uztarria.eus 2019ko mar. 15a, 12:36

Mankomunitateak iazko martxoan bukatu zituen eskualdeko herrietan gaikako sistema ezartzeko lanak. Orain, datuak atera dituzte mahai gainera. 2017. urtean, Urola Erdian hondakinen %58 jaso zen gaika. 2018. urtean, aldiz, hondakinen %68. Eboluzioa "ona" dela uste dute mankomunitateko ordezkariek. Herritarrek sistema berriaren aurrean erakutsi duten prestutasuna eta jarrera nabarmendu nahi izan dute.

2018. urteko hondakinen gaikako bilketak utzitako datuak jakinarazi ditu Urola Erdiko Mankomunitateak. Emaitzak mahain gainean jarrita, mankomunitateko arduradunek nabarmendu dute joan berri den urtea "esanguratsua" izan dela partzuergoarentzat. Izan ere, mankomunitateak hainbat aldaketa egin du Urola Erdiko herrietako hondakinen bilketa sisteman, tokian tokiko udalekin adostuta. Hondakinak gaika sailkatzeko sistema berriak utzitako datuak "positiboak" direla uste dute mankomunitateko arduradunek. 2017. urtean, Urola Erdian hondakinen %58 jaso zen gaika. 2018. urtean, aldiz, hondakinen %68. Azpeitiko datuei erreparatuta, 2017. urtean hondakinen %47 bildu zen gaika. 2018. urtean, berriz, hondakinen %69. Horrenbestez, urtebetean 22 puntu igo da gaika jasotako hondakinen tasa . "Azpeitian iazko martxoan aldatu zen hondakinak jasotzeko sistema. Martxotik abendurako hilabetak kontuan izaten baditugu, datua oraindik eta hobea da: hondakinen %71 jaso baitzen gaika", zehaztu du mankomunitateko lehendakari Aitor Bereziartuak. 

Iazko datua "ona" dela uste dute mankomunitateko ordezkariek. Horregatik, herritarrek sistema berriaren aurrean erakutsi duten prestutasuna eta jarrera nabarmendu nahi izan dute. Hori ez ezik, eskerrak eman dizkiete beren ekarpenak eta iradokizunak egin dituzten herritarrei. "Zenbait norbanakok egindako iradokizunei esker sistema hobetu dugu hainbat txokotan. Obrak ere egin behar izan ditugu, baina hoberako izan da. Beraz, herritarrei eskerrak eman beharrean gaude", esan du Bereziartuak. 

Garbigunea eta bolumen handiko trasteak

Gaikako sistema berriarekin batera, Azpeitiko zein Azkoitiko garbiguneak "indartu" direla uste dute partzuergoko ordezkariek. Izan ere, haien hitzetan, "gora" egin dute bi herrietako garbiguneetako erabiltzaileen datuek. Gaikako hondakin sistemaz eta garbiguneko zerbitzuan egondako aldaketaz gain, bolumen handiko zaborren bilketak hainbat berrikuntza ezarri zituen Urola Erdiko Mankomunitateak 2018. urtean. Lehen, astean egun batez jasotzen zituzten tamaina handiko trasteak Urola Erdiko herrietan, baina sortzen ziren "arazoak ekiditeko" hainbat neurri hartu zituen mankomunitateak. Orain, etxez etxe jasotzen dituzte bolumen handiko zaborrak. Mankomunitateko lehendakariaren hitzetan, zerbitzu  berria "ondo" ari da funtzionatzen, eta herritarrek aldaketen aurrean erakutsitako "jarrera ona" eta "izandako pazientzia" nabarmendu ditu.  

Hona hemen Urola Erdiko Mankomunitateak plazaratutako eskualdeko eta Azpeitiko datu zehatzak: