St. Patrick's festa ospatuko dute gaur Zulo Zabal soziedadean

Uztarria.eus 2019ko mar. 15a, 11:05
Azkaiter Pelox.

22:30etik aurrera, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek, Azkaiter Peloxekin eta Shane Curleyrekin.

Bi egun aurreratuta ospatuko dute Zulo Zabal soziedadean aurtengo St. Patrick's Day. Etzi, martxoaren 17an, izango da Irlandako zaindariaren eguna, baina gaur gauean egingo dute Zulo Zabalen haren aitzakian festa.

Aurreko urteetan bezala, afariarekin ekingo diote gauari, 20:30ean; afarirako aurrez eman behar zen izena eta atzo bukatu zen epea. 22:30etik aurrera, ordea, nahi duen orok izango ditu irekita Zulo Zabaleko ateak, doinu irlandarrak nagusi izango dituzten bi musika emanaldietarako. Azkaiter Pelox eta Shane Curley izango dira festari musika jarriko diotenak.

"Ertz guztietakoak, kolore guztietakoak, gorputz tankera guztietakoak eta maitasun gusto anitzeko denak" festara "ongi etorriak" izango direla diote Zulo Zabalekoek, "baldin eta izaera irekikoak eta parrandazale 'natulak' badira. Beste guztiak, izaera itxikoak, baztertzaileak eta aurriritziz jositakoak etxean gera daitezela, giltzapean ahal bada".