Jose Luis Moranek irabazi du Gau-Txori argazki rallya

Uztarria.eus 2019ko mar. 13a, 18:07

Juan Mari Ibarzabal azpeitiarra hirugarren sailkatu da, Fernando Garcia Chouzaren atzetik. Azpeitiko Argazki Elkarteak zapatuan egingo du sari banaketa, Basazabalen.

Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatzen duen Gau Txori argazki rallyaren hamargarren edizioa irabazi du Jose Luis Moranek. Argazkilariek joan zen otsailaren 23an jokatu zuten rallya, eta atzo, asteartea, bildu zen epaimahaia parte hartzaileen bildumak puntuatzeko. Taldearen ustez, aurtengo bildumarik onena Jose Luis Moran barakaldarrarena izan da, eta bigarren postuan sailkatu da Fernando Garcia Chouza argazkilari urnietarra. Juan Mari Ibarzabal azpeitiarra, berriz, hirugarren sailkatu da. Bestalde, lehen azpeitiarrari dagokion garaikurra Iñaki Etxenagusiak jasoko du. Aurten, Carlos Mediavilla, Carlos de Cos eta Valen Garciak osatu dute epaimahaia.

Martxoaren 16an, zapatuan, egingo dute sari banaketa ekitaldia, 18:30ean, Basazabal jauregian.

Lotura honetan ikus daitezke X. Gau-Txori rallyko emaitzak.