Yurre Peñagarikano: "Lurrak eskuratzeko egundoko arazoa dago"

Uztarria.eus 2019ko mar. 13a, 13:04
Yurre Peñagarikano, Azoka Plazaren atarian. (Mailo Oiarzabal)

Baserriko belaunaldi arteko etenak kezka eragiten dio Urkomeren gerenteari, eta Azpeitiko Azoka Plazaren antzeko proiektuak sustatzeak duen garrantziaz hitz egin du, besteak beste, Mailo Oiarzabal kazetariak 2019ko martxoko Uztarria aldizkarian egin dion elkarrizketa honetan.

Otsailean bete ditu 11 urte Yurre Peñagarikanok (Tolosa, 1973) gerente lanean Urkomen, Urola Kostako landa garapenerako elkartean; eskualdeko 11 udalek eta 23 nekazaritza elkartek osatzen dute Urkome. Urte horietan ikusi duen bilakaeraz eta esku artean dituzten proiektuez eta erronkez hitz egiteko hartu du Peñagarikanok Uztarria Sindikatu Zaharrean, Urkomeren lantaldearen egoitzan.

Zer eginkizun ditu Urkomeren gerenteak?

Urkomek baserritarrekin egiten duen lana da, behar bada, gehien ezagutzen dena, baina lau arlotan egiten dugu lan. Lehenengoa eta inportanteena da nekazaritzaren eta nekazaritza osatzen duten azpi-sektore guztien garapena. Bestetik, landa eremuko garapen ekonomikoa bultzatzea ere badagokigu; landa eremuan egon daitekeen edozein aktibitate ekonomiko bultzatzeaz ari gara, nekazaritzaz haratago. Landa eremuan bizi den jendearen bizi kalitatea bermatzea da gure hirugarren lan ildoa. Azkena, baina nire ustez gero eta garrantzia handiagoa duena, da lehen sektoreak gizartean duen pisua eta balioa errekonozitzearen aldeko lana egitea, sentsibilizatzea, balio hori gizarteratzea.

Asko aldatu al dira kontuak zu Urkomen hasi zinenetik, landa eremuaren errealitateari eta zuen lanari dagokionez?

Aldatu dira, bai. Lan ildoek berdin jarraitzen dute, baina duela 11 urte egiten genuen lana eta gaur egun egiten duguna erabat desberdinak direla esango nuke. Ni sartu nintzenean, alde batetik, Foru Aldundiak banaka egiten zituen hitzarmenak landa garapen elkarte bakoitzarekin, eta diru horien kudeaketarako proposamena eskualde mailan egiten zen. Garai hartan, Urkomeren lana gehiago bideratzen zen azpiegitura kontuetara: baserri bideak, ur hornidurak... Azken lau urteotan eman da aldaketa nabarmenena, batez ere. Aldundiak bere gain hartu du baserri bideen kudeaketa, eta ur hornidura eta saneamendua ere gero eta gehiago bideratzen ditugu Ur Kontsortziotik. Gipuzkoa osoa kontuan hartzen duen ikuspegi batekin ari gara orain lanean, eta Gipuzkoako landa eremuaren garapenerako sei elkarteen artean erabaki behar ditugu lehen eskualde mailan erabakitzen ziren gauzak. Alde batetik onerako izan da, irizpide bateratuak finkatu ditugulako. Bestetik, gero eta proiektu gehiago daude Gipuzkoa mailakoak, eta askoz lan karga handiagoa ekarri du ikuspegi bateratuarekin lan egiteak. Izugarri aldatu den beste arlo bat da komunikazioa. Agian ez gara gogoratzen, baina orain dela 11 urte Whatsappa ez zen existitzen, adibidez. Harremanak, komunikazioaren maiztasuna, sare sozialak... aldaketa ikaragarria izan da. Azkenik, bertako produktuari ematen zaion garrantzia ere asko aldatu da, onerako, erakundeetan zein gizartean.

Urola Kostako 11 udalerritan egiten du lan Urkomek. Bateko eta besteko landa eremuek behar berdinak al dituzte? Nola egiten duzue orekak mantentzeko?

Badakigu Zarautzen edo Beizaman, esaterako, beharrak oso diferenteak direla. Udalerri guztientzat gaude, baina egia da herri txikiei zerbitzu gehiago eskaintzen dizkiegula, behar gehiago eta azpiegitura gutxiago dauzkatelako. Herri txikietako dinamiketan presenteago gaude, oro har; aholkulari lana ere egiten dugu kasu horietan. Administrazio ezberdinekin hartu-emana daukagunez, eta landa garapeneko elkarteok sarean ere lan egiten dugunez, askotan partekatzen ditugu herri ezberdinetan sortu daitezkeen antzeko arazoei aurre egiteko irtenbideak. Baina beharrak oso diferenteak dira, bai landa eremuan batetik bestera, bai sektorean. Gainera, eskumenei dagokienez, oso banatuta daude lehen sektorearen barruan. Orduan, askotan jendea galduta ibiltzen da, laguntzak edota baimenak non eta nola eskatu ez dakiela. Guk batzuekin eta besteekin harremana dugunez, bitartekari lana egiten dugu sarritan.

Leihatila bateratuaren funtzioa ere betetzen duzue, hortaz?

Lehen sektorea indartzea eta landa eremuan proiektu berriak egotea nahi badugu, jendeari erraztasunak eman behar dizkiogu. Eta ezin dugu ahaztu inportanteena dela dagoen gutxi hori, behintzat, mantentzea. Kontuan hartu behar dugu biztanleen %80a lurraren %20an bizi dela gurean; eta %20a bizi den tokiak lurren %80a hartzen du. Lur horiek eta gure paisaia eder hau mantentzea horiei dagokie. Horregatik da garrantzitsua erraztasunak ematea.

Urola Kostan, oro har, zer osasun du gaur egun landa eremuak?

Datu estatistikoei erreparatuta, Gipuzkoan lehen sektoreak ekonomian indar handiena duen eskualdea da Urola Kosta; kontuan hartu behar da, noski, zer zenbatzen duten lehen sektorearen barruan, produktuen eraldaketa-eta hor sartzen dituztelako. Hala ere, ikusten joan naizen eboluzioari begiratuta, egia da, agian, ez dagoela lehen adina profesional, baina daudenak profesionalagoak dira; lur sail handiagoak behar dituzte eta gehiago ekoizten dute. Ekoizle berriak ere ikusi ditut sartzen, eta oso ondo ari dira lanean. Gero, iruditzen zait traktore lana egingo duten proiektuak ere behar direla eskualdeetan. Adibidez, Azpeitian hor dauzkagu Azoka Plaza berritua eta Elikagunea; urtebete eskas da ireki zirela eta oraindik garaiz da emaitzak baloratzeko, baina uste dut traktore lan ikaragarria egin dezaketeela.

 

 

Elikagunea zer izango zen azaltzea erraza izan al zen?

Urte eta erdi bada prozesuarekin hasi ginela. Hasieran, Azoka Plaza berritzeko beharra zegoen. Berritzearekin batera, aukerak ikusten hasi ziren, eta Udalak erronka hartu zuen, arriskatzea erabaki zuen. Uste dut oso ausarta izan zela, horrelako eredurik ez baitzegoen inon. Oso erraza da nonbaiten ondo funtzionatzen ari den eredu bat kopiatzea edo moldatzea; baina kasu honetan, ez zegoen eredurik. Gu ere apustu horren aldekoak ginen, bultzatzaileetakoak ere bai, eta prozesu osoan egon gara. Nerbio eta kezka puntu bat bageneukan. "Eta hori egin behar duzue? Eta nola egingo duzue?", galdetzen ziguten, baterako edo besterako laguntza eske joaten ginenean; animoak ematen zizkiguten, baina eszeptizismo nabarmenarekin, gehienetan. Gauza guzti horiek ahaztu egiten dira gerora, irekitzeko unea iristen denean. Gainera, egia da zorte handia izan dugula pertsonekin. Proiektu horretan parte hartu duten pertsonak, eta Elikagunea ireki duten pertsonak, gakoa izan dira proiektua aurrera eramateko eta eraman den moduan eramateko. Hasieratik ulertu zuten oso ondo proiektua. Baserritarrekin mahai bat eratuta daukagu, eta transmisioa eta komunikazioa erabatekoak izan dira. Baserritarrak hasieratik sentitu dira proiektuaren partaide. Beste eskualde batzuetako jendeak esaten zidan Elikagunea konpetentzia izan zitekeela azoketako jendearentzat; nik esaten nien oker zeudela iruditzen zitzaidala, eta hala zeudela erakustea espero nuela.

Lehen urtebetea igarota, zer balorazio eta iritzi jaso dituzue baserritarrengandik?

Proiektua hasieratik ulertu bazuten ere, egia da denek zutela eszeptizismo puntu bat, Elikagunearen martxa ikusi arte. Aurreikuspena zen aprobetxatuko zirela sinergiak, bai baserritarrentzat, bai Elikagunearentzat, eta egia bihurtu da. Lortu da bertako produktuaren kontzeptua ondo ulertzea, eta baseritarrek oso garbi dute harreman hori, beraiena ere hor sartzen delako; badakite beraiek plazan ez dauden orduetan ere han saltzen dutela beren produktua. Azokako baserritar asko bazkide egin dira Elikagunean, eta han egiten dituzte erosketak. Azkenean, elkar laguntzea da. Gainera, baserritarrek ikusi dute gehiago saltzen dutela, eta azoka indartu egin dela.

Herritarrek ere ulertu al dute kontzeptua? Egin al dute proiektu berriaren aldeko apustua?

Bai. Ekoizleek esaten dute gehiago ari direla saltzen; eta hori errekonozitzeko... Bestetik, iritsi gara azoketatik pixka bat urruntzen ari zen jende batengana, beste belaunaldi bateko jendearengana, eta hori ere bazen Elikagunearen asmoa. Baina azoketan ere antzematen da hori. Azkenean, traktore lana egin du Elikaguneak. Herriaren erdigunetik urruntzen ari zen pixkanaka aktibitate ekonomikoa eta Alde Zaharra gainbehera zetorren, beste herri batzuetan ere gertatu izan den bezala. Uste dut, alde horretatik, Azoka Plaza ari dela bere funtzioa betetzen. Urtebete besterik ez da pasatu, hori ere ez da ahaztu behar, eta iruditzen zait asko egin daitezkeela oraindik.

Landa eremuak husten joan dira, baserri asko hutsik geratu dira, edo baserri jarduerarik gabe. Joera horiei aurre egiteko egitasmorik ba al duzue esku artean? Zein litzateke lehentasuna?

Baserria dedikazio esklusiboa izan gabe baserrietan bizitzen jarraitzen dutenak daude, alde batetik. Asko dira zerbait mixtoa mantentzen dutenak, kanpoan lan egin arren, baserriko gauzak ere mantentzen dituztenak; ez dira baserritik bizi, hori ez da beren diru sarrera nagusia, baina mantentzen dute zerbait. Horiek gero eta gehiago ari dira beharrezkoa den lan bat egiten, landa eremua mantentzen ari dira; aitortza bat merezi dute, horiek zaintzea eta gustura egotea ere garrantzitsua da. Bestetik, hutsik gelditzen ari diren baserriak daude. Arazoa da, askotan, baserriak eta lurrak batera saldu behar direla, eta urrea balio dute. Lurrak urrea balio du, eta zerotik hasten den nor sar daiteke horrelako inbertsio batean? Hori da benetako arazoa.

Bizi osoan "baserriak ez du ematen" entzun izan duten gazteak nola animatu behar dira baserrira, belaunaldien arteko etena saihesteko? Eta lurrak urrea balio duenean...

Aurrena, baserritarrek beraiek hasi behar dute esaten seme-alabei hortik bizi daitekeela, eta jarraitzeko. Lehengo eta oraingo baserriak desberdinak ere badira. Egia da asko transmititu izan dela kaleko lantokietan lan egitearen onura, baserriko lanarekin alderaketa eginez. Baina kaleko lantokietan lan egiten zuten horietako askok mantendu dute baserria ere. Baserri hutsetara itzuliz, berriz, bat baino gehiago etorri zaizkit baserri bat erosi nahi dutela esanez, beren bizimodua hortik ateratzen saiatu nahi dutenak, baina ez dago aukera handirik. Egundoko arazoa dago lurrak eskuratzeko, baita alokairuan ere. Europako legeek ere ez dute asko laguntzen, lurrak izateagatik kobratzen dutenek ez baitute nahi diru hori kobratzeari uztea. Arazoa handia da.