Sorosle eta lehen sorospen ikastaroa eskainiko du DYAk datozen asteetan

Uztarria.eus 2019ko mar. 12a, 14:06

Lau asteko iraupena izango du ikastaroak, eta martxoaren 23an hasiko dira. Saioak larunbatez eskainiko dituzte, DYAk Azpeitian duen ordezkaritzan. Izen-ematea 110 euro ordaindu beharko da, eta ez da beharrezkoa aurretik sorospen ezagutzarik izatea. Ezinbestekoa da izen-ematea aurrez egitea.

Gipuzkoako DYAk sorosle eta lehen sorospen ikastaroa eskainiko du Azpeitian datozen asteetan. Orotara, lau saio izango ditu ikastaroak, eta aurrenekoa martxoaren 23an izango da, DYAk Azpeitian duen ordezkaritzan (Urola kalean). Zapatuetan eskainiko dituzte saioak, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Edonork eman dezake izena tailerrean, baina ikasle kopurua mugatua izango da. Matrikula 110 euro ordaindu beharko da. Azken saioa apirilaren 13an izango da. 

Ikastaroan parte hartzeko ez da beharrezkoa aurretik sorospen ezagutzarik izatea. Batez ere, egunerokoan edonork izan ditzakeen arrisku egoerei nola erantzun irakatsiko dute, hala nola bihotzaren eta biriken susperketa nola egin, edo zauriak, hausturak eta erredurak nola sendatu. Ikastaro bukaerako frogak gainditzen dituztenek, DYAren Sorosle Titulua eskuratuko dute.

Sorosle eta lehen sorospen ikastaroan izena ematea edo horren inguruko informazio gehiago eskuratzea nahi duenak 943-46 46 22 telefonora dei dezake.