Ostiralean hasiko dira Loiolako San Jose festak, mus txapelketarekin

Uztarria.eus 2019ko mar. 12a, 13:20
Iazko San Jose festetako artxibo irudia.

Adin guztietako herritarrentzat ekintza ugari izango da auzoan San Jose festak direla eta. Mus Txapelketa 22:30ean hasiko da, baina 22:00etan zabalduko dute izen-emate epea. Zapatuan mendi bizikleta irteera egingo dute. Asteartean asto lasterketa eta herri kirolak izango dira, besteak beste.

Ekintzez beteta datoz San Jose festak Loiolara. Ostiralean hasiko dira jaiak, VII. Mus Txapelketarekin. Kiruri jatetxean jokatuko dituzte partidak, 22:30ean hasita. Dena den, txapelketan parte hartzeko aurrez eman beharko da izena. Hain zuzen, 22:00etan irekiko dute izen-ematea. Lehian parte hartu nahi duen bikote bakoitzak hogei euro ordaindu beharko du. Txapelketa irabazten duen bikoteak 350 euro eta txapelak eskuratuko ditu. Bigarren sailkatzen den bikoteak, berriz, 150 euro eta txuletak eskuratuko ditu, eta hirugarrenak bi lagunentzat afaria Kiruri jatetxean.
Ostiralean murgilduko dira festan, baina asteartera arte izango da zer egin eta zertaz gozatu Loiolan.

Zapatu goizerako mendi bizikleta irteera antolatu dute Loiolako Festa Batzordeko kideek. Hain zuzen ere, 09:00etan Loiolatxo elkartearen aurretik aterako dira mendi ibilbidea egitera txirrindulariak. Arratsaldean, 17:30etik 19:00ak aldera arte, 3 urtetik 14 urte arteko umeen eta gaztetxoen marrazki lehiaketa izango da Kiruri jatetxean. Bertan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute, 943-81 56 08 telefonora deituta.

Asteartea, San Jose eguna, izango da Loiolako festetako egun handi. Izan ere, zezen txikiak, puzgarriak, asto lasterketa eta herri kirol jaialdia antolatu dituzte egun horretarako. 11:00etan zezen txikiak eta poniak izango dira haurrentzat, eta ondoren, 13:00etan, hasiko da asto lasterketa. Bazkal ostean, herri kirol erakustaldia izango da: harri jasotzen ariko dira Aimar Irigoien eta Jon Unanue Goenatxo III.a; eta aizkoran, aldiz, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a. Arratsaldean ere haurrentzat eta gaztetxoentzat jolasak eta puzgarriak izango dira. Egurrola aita-semeak arduratuko dira giroa alaitzeaz.  

Hona hemen, egitaraua:

Martxoak 15, ostirala

22:30. Mus Txapelketa Kiruri jatetxean. 22:00etan hasiko da izen-ematea.

Martxoak 16, zapatua

09:00. Mendi bizikleta irteera, Loiolatxo elkartetik abiatuta.

Ondoren. Hamaiketakoa izango da Uranga jatetxean.

Martxoak 19, asteartea

11:00. Zezen txikiak eta poniak.

13:00. Asto karrerak.

17:30. Herri kirol erakustaldia.

Egun osoan zehar: Puzgarriak eta jolasak haurrentzat. Egurrola aita-semeak giroa alaitzen.