Asier Blas politologoak "Europako Batasun erreala" izango du hizpide gaur Sanagustinen

Uztarria.eus 2019ko mar. 11a, 13:36

Hitzaldia eskainiko du Blasek Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Askapenak antolatutako Astindu Europa jardunaldi kritikoen barruan emango du hitzaldia politologoak. 

Askapena Euskal Herriko erakunde internazionalistak antolatuta, Europako Batasun erreala: demokrazia, burujabetza eta errefuxiatuak izeneko hitzaldia eskainiko du gaur, astelehena, Asier Blas politologoak, 19:00etan hasita. 

Blasen hitzetan, Europako Batasuna (EB) "inperialismo ekonomikorako tresna" bat da: "Gai militarretan AEBko maiordomoa eta demokratikoki liliputar bat. Bitxia, munduan zehar demokrazia sustatu nahi omen duen erakunde batek, batzuetan estatu kolpeak babestu arren, Ukrainan bezala, demokrazia dentsitate oso baxua du. Gure politika publiko asko diseinatu eta beste batzuk baldintzatzen ditu, baina, hala ere, europar herritarrok dugun kontrol demokratikoa eskasa eta zeharkakoa da". Politogoaren arabera, "erabakiak estatuetako gobernuek hartzen dituzte batzordean eta ministroen kontseiluan, europarrek bozkatu ez ditugun bi erakundeetan".

Politikari gehienek "Europa gehiago" eskatzen dutela dio politologoak, Haren arabera, estatuek "Europa gehiago" eskatzean "demokrazia gutxiago eta erabakitze esparruak herritarrengandik urruntzea" eskatzen dute. "Horri erantsi burokrazia eta erabakiak hartzeko garaian dagoen gardentasun falta eta oso ondo ulertzen da zeinen erraza zaien neurri neoliberalak inposatzea. Horien aurrean, EBtik dirua eta pribilegioak jasotzen ez dituzten klase apaletako jende askok, demokrazia eza eta neurri neoliberalak sufritzen dituzten berberek, beren haserrea erakutsi dute", dio Blasek. Haserre hori "abstenituz edo alderdi euroeszeptikoei botoa emanez" erakutsi dutela dio gaur hitzaldia eskainiko duen politologoak. "Bitartean, ezkerreko politikari askok asaldatu eta beraien elitismotik ez dute ezer ulertu nahi izan", azaldu du.

Greziako esperientzia, bukatzeko

Martxoaren 25ean bukatuko dira II. Astindu Europa jardunaldi kritikoak, 2018ko udan Greziara joandako brigadistek eskainiko duten solasaldiarekin.

Grezia. Troikaren Europako kolonia izenburupean eskainiko dute hitzaldia, 18:30ean hasita, Azpeitiko Gaztetxean.