Antonio Lizana Trioren kontzertua izango da astelehenean, Sanagustin kulturgunean

Uztarria.eus 2019ko mar. 12a, 09:04
Antonio Lizana artxiboko irudi batean.

Lizanak eta bere taldeak flamenkoa eta jazz-a uztartuko ditu 21:00etatik aurrera eskainiko duten kontzertuan. Dagoeneko salgai daude emanaldirako sarrerak Sanagustin kulturgunean nahiz Kulturaz.eus webgunean.

Antonio Lizana musikari andaluziarra Sanagustin kulturgunean izango da astelehenean, martxoaren 18an, bere taldearekin. Flamenkoa eta jazz-a uztartuko ditu taldeak 21:00etatik aurrera eskainiko duten kontzertuan. Dagoeneko salgai daude emanaldirako sarrerak bai Sanagustin kulturgunean, bai Kulturaz.eus webgunean; hamar euro ordaindu beharko da sarrera. Kultur Bonoa duten herritarrek txartel hori erabili ahal izango dute kontzerturako.

Donostiako Musikene kontserbatorioan egin zituen jazz ikasketak Lizanak, eta harrezkero, hainbat musika taldetan aritutakoa da, hala nola EA!-rekin, Maita Vende cá-rekin, Chamito Candelarekin, Hipnotikekin, Los Aslándticosekin eta Mario Diazekin. Gainera, hainbat kolaborazio egin du, besteak beste, Chambaorekin, Raimundo Amadorrekin, Juan Valderramarekin, Jose Mercerekin, Nuria Fergorekin edota Juan Parrillarekin. Musika ibilbidean hiru disko kaleratu ditu Lizanak: De viento, Quimeras del mar eta Oriente.