Herritarrak Bulkada Egunean parte hartzera animatu ditu Azpeitiko Ernaik

Uztarria.eus 2019ko mar. 13a, 12:17

Azpeitiko Ernaik Bulkada Eguna ospatuko du zapatuan. Besteak beste, hitzaldia, bazkaria eta Brigade Locoren eta Egurra ta Kittoren kontzertuak antolatu dituzte larunbaterako. Orkatzen eskura daitezke bazkarirako sarrerak. Ikasleek, langabetuek eta jubilatuek 10 euro ordaindu beharko dute. Landunek, aldiz, 15 euro. 

Ezker Abertzalearen gazte antolakundearen 40. urteurrenaren harira, Bulkada Eguna ospatuko du Azpeitiko Ernaik datorren zapatuan, hilak 16. Egun horretarako hainbat ekintza prestatu dituzte Azpeitiko Ernaiko kideek, hala nola hitzaldia, bazkaria eta kontzertuak. Gazte antolakundeak herritarrak Bulkada Egunean parte hartzera animatu nahi ditu.

Egunari ekiteko, Azpeitiko borrokak belaunaldiz belaunadi hitzaldia eskainiko dute, 11:00etan hasita, Azoka Plazan. Ondoren, 14:30ean, bazkaria egingo dute Azoka Plazan bertan. Bazkarirako txartelak salgai daude dagoeneko, eta Orkatz kultur elkartean eskura daitezke. Ikasleek, langabetuek eta jubilatuek 10 euro ordaindu beharko dituzte bazkarirako txartelarengatik. Landunek, aldiz, 15 euro. Bazkalostean, ekimen musikatua egingo dute. 

Gauean jarraituko du festak, kontzertuak antolatu baitituzte urteurrena ospatzeko. Hain zuzen, Brigade Loco eta Egurra ta Kitto musika taldeen kontzertuak izango dira Sanagustin kulturgunean, 23:00etan hasita. Kontzertuetarako sarrerak salgai daude Sanagustinen nahiz Kulturaz kooperatibaren webgunean.

Askatasun Bulkaden Topagunerako sarrerak

Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek Lemoan (Bizkaia) egingo dute aurten urtero egin ohi duten udaberriko gazte topagunea, Askatasun bulkadak independentziara lelopean. Hain zuzen, apirilaren 19an, 20an, 21ean eta 22an egingo dute jaialdia. Lau eguneko "topaketa erraldoia" prestatu dute apirileko egun horietarako, aurten 40 urte bete baititu Ezker Abertzalearen gazte antolakundeak. Lau egunetarako bonoa 70 eurotan dago eskuragarri Orkatzen.