'Txillardegiren borroka abertzalea' liburuaz hitzaldia eskainiko du Pako Sudupek etzi

Uztarria.eus 2019ko mar. 13a, 11:06
Pako Sudupe artxiboko irudi batean.

Idazle azkoitiarrak 2016an kaleratu zuen Txillardegiri buruzko lana, eta hark liburuaren aurkezpena egingo du aurrena. Ondoren, Txillardegiz eta haren ekarpenaz hitz egiteko tartea izango dute bertaratzen diren lagunek. Naziogintza Taldeak 19:00etarako jarri du hitzordua, Baigera Ien.

Txillardegiren borroka abertzalea liburuaren inguruko hitzaldia eskainiko du Pako Sudupe idazle azkoitiarrak etzi, ostirala, Baigera Ieko aretoan. 19:00etan hasiko da Naziogintza Taldeak antolatutako solasaldia, eta ondoren, mahai ingurua ere egingo dute. Lehenik, 2016an Elkar argitaletxearekin kaleratu zuen liburua aurkeztuko du Sudupek, eta ondoren, Txillardegiz eta haren ekarpenaz solasaldia egingo dute bertaratzen diren lagunek.

Zazpi urte dira Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta Naziogintza Taldeak azaldu duenez, urtez urte "handitzen" ari dira haren figura eta itzala: "Abertzaletasuna ulertzeko modu berri bat finkatu zuen Txillardegik, eta bere belaunaldiko abertzaleek, berriz, hizkuntzan oinarritutako abertzaletasuna. Naziogintza Taldeak bereganatu egiten du hori".