Martxan da antzerki sormen egoitzen programa

Uztarria.eus 2019ko mar. 9a, 10:30
'Francoren bilobari gutuna' antzezlaneko lantaldeak Azpeitian egonaldia egin zuenean hartutako irudia. (Ihintza Elustondo)

Antzerki konpainiei sormen prozesuan zehar bi astez Azpeitian egoteko aukera eskainiko die Kulturaz kooperatibak, eta beharrezko baliabide guztiak eskura jarriko dizkie. Martxoaren 21era bitartean bidali behar dira eskerak, eta martxoaren 27an jakinaraziko dituzte aukeratutako taldeen izenak.

Bosgarren urtez jarraian, antzerki sormen egoitzen programa jarri du martxan Kulturaz kooperatibak. Euskal antzerki sorkuntza sustatzea eta sortze bidean diren euskarazko proiektu eszenikoen bidelagun izatea da egitasmoaren helburua. Sortzaileen eta egituren arteko benetako hartu-emana sustatzea, elkarlan sareak osatzea, erreferentziaguneak indartzea eta sormen prozesuak herriko kultur dinamikan txertatzea ere badira Kulturazen asmoak.

Programaren bidez, Kulturaz kooperatibak proiektu eszeniko berri baten sorreran behar diren baliabideak eskainiko dizkio konpainiari. Zehazki, honako baliabide hauek eskainiko dizkio: egonaldian zehar Soreasu antzokia erabiltzeko aukera, beharrezko baliabide teknikoak eta teknikarien zerbitzua, lantaldearentzako lo egiteko lekua egonaldian zehar, jana eta edana eta promoziorako materiala –argazki saio bat edo bideo teaser bat osatzeko aukera–. Egonaldiaren iraupena bi astekoa izango da gutxi gorabehera; egonaldia bi astetan zatitu ahalko da, baina oro har, sormen egonaldi osoak eta jarraiak lehenesten ditu kooperatibak.

Baliabide horien truke, beste zenbait gauza eskatzen ditu trukean Kulturazek: egonaldian zehar sortu duten ikuskizuna doan eskaintzea Azpeitian –estreinaldia ahal bada–; adostutako herriko kolektibo batekin mediazio elkartruke bat gauzatzea –tailerra, entsegu irekia, solasaldia edo antzeko beste ekintza bat–; eta sormen egonaldia bera eta amaierako emaitza ezagutzera emateko, prentsa eta promozio ekintzetarako prestutasuna izatea. Baldintza horiek beteko direla ziurtatzeko, aukeratutako konpainiak eta Kulturaz kooperatibak hitzarmen bat sinatuko dute. Edozein zalantza izanez gero, Aitor Bengoetxearekin harremanetan jartzea da egokiena, 674 16 56 82 telefonoan edo abengoetxea@kulturaz.eus helbidean.

Interesatuek honako lotura honetan eskura dezakete deialdian parte hartzeko eskaera orria. Martxoaren 21a da eskaera orria bidaltzeko azken eguna, eta martxoaren 27an jakinaraziko dute zein izan diren aukeratutako taldeak.