Greba feministari ekiteko prest dira Azpeitiko emakumeak ere

Uztarria.eus 2019ko mar. 8a, 08:20
Iazko M8an osatutako mosaikoaren irudia.

Basanderiek asanblada feministak hainbat egitasmo antolatu du egun osorako. 10:30ean hasiko dute egitaraua, Sanjuandegiko Baigeraren aurreko plazatxotik hasiko duten kalejirarekin. Greba feministak izango du eraginik zerbitzu publikoetan; besteak beste, itxita izango dira Gazte Informazio Bulegoa, Udal Erregistroa eta Udal Liburutegia.

Iritsi da aurtengo Martxoaren 8a, eta harekin 24 orduko greba feminista. Hainbat ardatzetan oinarritutako greba feminista izango da gaurkoa: zaintza, pentsionistak, ikasleak eta kontsumoa. Basanderiek Azpeitiko asanblada feministak hainbat egitasmo antolatu du egun osorako, hala nola kalejira, mosaikoa, bazkaria, mahai ingurua, tailerrak, manifestazioa, afaria eta DJ emanaldia. Herriko emakumeei grebarekin bat egiteko deia ere egin dio Azpeitiko talde feministak.

Gaurko grebak eraginda, hainbat aldaketa izango dira zerbitzu publikoetan. Besteak beste, gaur itxita izango da Gazte Informazio Bulegoa, baita Udaleko Erregistroa ere. Horrenbestez, dokumenturen bat erregistratu nahi duten herritarrek Udaltzaingoan izango dute horretarako aukera. Udal Liburutegia ere itxita izango da, bertako langileek greba feministarekin bat egin dutelako. Azpeitiko Sortuk ere biharko greban parte hartzeko edo greban parte hartzea ahalbidetzeko "aletxoa jartzeko" deia egin die herritarrei.

Hona hemen, Azpeitian gaurko prestatu duten egitaraua:

Martxoak 8. Egitaraua

- 10:30. Kalejira. Sanjuandegiko Baigera aurreko plazatxotik abiatuta, herriko plaza nagusira.

- 12:00. Plaza Txikian elkartu, eta pixkanaka herriko plazara sartzen joango dira, bertan lekua hartu eta mosaikoa osatzeko. Txupinazoa botako dute.

- 12:00. Dendak itxita. "Herriko dendariek grebaren aldarriekin bat egiteko, dendak itxiko dituzte", azaldu du Basanderiek talde feministak.

- 14:00. Bazkari feminista, Azoka Plazan. Herriko hainbat gizonezkok prestatuko du bazkaria. Bazkarirako aurrez izena eman behar da. Izena emateko tokiak: Emakume Txokoa, Orkatz, Sanagustin kulturgunea, Baigera I eta Baigera II. Internet bidez ere eman daiteke izena basanderiek@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

- Bazkalondoan, mahai ingurua Azoka Plazan. Gaia: Borroka feministaren bilakaera Azpeitian.

- Arratsaldean, tailerrak: futbola, judoa eta eztabaida txokoa.

- 18:30. Mikro irekia, plazako arkupeetan. Emakumeak animatu dituzte bertan parte hartzera "abestu, irakurri, bertsoak bota, trikitia jo…"

- 20:00. Manifestazioa zaratatsua, Heteropatriarkatu kapitalistari planto, emakumeok* greba! lelo hartuta. Herriko plazatik irtengo du.

- 21:30. Afari autogestionatua, plazako arkupeetan. Janaria etxetik eraman beharko da.

- 22:30. DJ Fina y Segura, plazako arkupeetan.