Euskal Herriko historiaren eta mitologiaren gaineko bi ikastaro eskainiko dituzte Basazabal jauregian

Uztarria.eus 2019ko mar. 6a, 15:17

Martxoaren 14an, Kargugabetutako Nafarroako erregeak: Gaztelakoen konkistatik ediktuaren bateratzera 1512-1620 izeneko ikastaroa eskainiko dute, 18:30ean hasita. Martxoaren 27an, berriz, Euskal mitologia eta kristautasuna ikastaroko lehen saioa izango da. Bi tailerretarako izen-ematea zabalik dago.

Azpeitiko Udalak eta Deustuko Unibertsitateak Euskal Herriko historiari eta mitologiari lotutako bi ikastaro eskainiko dituzte datozen asteotan, formakuntzara bideratutako Basazabal jauregian. Alde batetik, Kargugabetutako Nafarroako erregeak: Gaztelakoen konkistatik ediktuaren bateratzera 1512-1620 izeneko ikastaroa eskainiko dute, eta, bestetik, Euskal mitologia eta kristautasuna ikastaroa. 

Martxoaren 14an, Kargugabetutako Nafarroako erregeak: Gaztelakoen konkistatik ediktuaren bateratzera 1512-1620 izeneko ikastaroa eskainiko dute, 18:30ean hasita. Saio bakarra izango du tailerrak, eta Iñigo Bolinaga historialariak eskainiko du. Antolatzaileen hitzetan, "saioaren helburua da Fernando Katolikoaren kontra Nafarroako erreinua galdu zuten Juan de Albert eta Catalina de Foix errege-erreginen garaiaren azterketa politikoa, soziala eta kulturala egitea". 

Euskal mitologia eta kristautasuna ikastaroak, aldiz, sei saio izango ditu, eta martxoaren 27an hasi, eta maiatzaren 22an amaituko da. Juan Manuel Etxeberria Ayesta Euskal filologian doktoreak eskainiko du tailerra. Idazlea, ikertzailea, hiztegigilea eta Jose Miguel Barandiaranen Etnografiako Etniker-Bizkaia taldekidea da Etxeberria. Ikastaroaren aurreneko saioa martxoaren 27an izango da, eta bi ordu iraungo du. Saioak egun hauetan izango dira: martxoak 27, apirilak 3 eta 10 eta maiatzak 8, 15 eta 22. Saioak 16:30etik 18:30era egingo dituzte, Basazabalen.

Ikastaroan zehar Euskal Herriko pertsonaia eta leku mitologikoen gainean egindako azterketak eta gaiaren inguruan dagoen hondarearen gaineko azterketa egingo dute. Horrela azaldu dute antolatzaileek: "Euskal Herriko mundu mitologikoa oso aberatsa da pertsonaiei –Mari,Basajaun,Tartalo,Lamia...– eta leku mitologikoei erreparatuz gero. Kristautasunaren etorrerarekin mundu hori guztia erdi-lotan geratuko da estratu kultural berri horren pean, eta Euskal Herria elizaz, komentuz, ermitaz zein gurutzez beteko da. Dena den, kristau-aurreko sineskerak bizirik jarraituko dute mito eta esanen munduan. Hizkuntza bizitzaren ispilua dela esaten da, horregatik, belaunaldiz belaunaldi ahorik aho transmititu den aberastasun linguistiko-kulturala, Euskal Herriko historia luzearen ispilu luzea dugu, herentzian hartu dugun altxorra eta etorkizunera bideratu behar duguna bizitzaren lege eta intrakanalikularraren aberastasun bezala". 

Izen-ematea eta prezioak

Dagoeneko eman daiteke izena historia eta kultura landuko duten bi ikastaroetarako. Horietakoren batean izena eman nahi duenak Basazabal jauregiaren sarreran, formazioabasazabal@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 688-845 118 telefonora deituta egin dezake izen-ematea. Azpeitiko bizilagunek Nafarroako erregeen inguruko ikastaroa hiru euro ordaindu beharko dute. Gainerakoek, 3,76 euro. Aldiz, Euskal Mitologia eta kristautasuna ikastaroaren izen-ematea, 14,40 euro izango da azpeitiarrentzat eta 18 euro besteentzat. Hala ere, matrikula ordaintzeko zailtasunak dituzten eta ikastaroan parte hartu nahi duten pertsonentzat baliabideak jarriko ditu Udalak, "egoera ekonomikoa formazioaren oztopo izan ez dadin". Izen-ematea egiterakoan emango dizkiete ordainketak egiteko argibideak herritarrei. Martxoaren 22an itxiko da Euskal mitologia eta kristautasuna ikastaroko izen-ematea.