Ekoetxeak bi tailer antolatu ditu astebururako

Uztarria.eus 2019ko mar. 6a, 12:18

Klima Aldaketaren Astea dela-eta prestatu ditu bi ekintzak. Zapatuan, material birziklatuarekin musika tresnak egingo dituzte; igandean, berriz, eguzki energiarekin jolasak. Bihar, martxoak 7, izango da tailerretan izena emateko azken eguna.

Klima Aldaketaren Astea dela eta, Ekoetxeak bi ekintza antolatu ditu astebururako. Zapaturako material birziklatuarekin musika tresnak egiteko tailerra antolatu du, eta 16:00etatik 18:00etara izango da saioa, Ekoetxean bertan. Igandean, berriz, energiarekin jolasean aritzeko aukera izango dute herritarrek; izan ere, eguzki energiarekin lotutako jolasak egingo dituzte, 11:00etatik 13:00etara bitartean.

Ekoetxeak hilean behin antolatzen dituen ekintzak dira astebururako prestatutakoak, eta horietan parte hartu nahi duten haurrek gurasoren edo arduradunen batekin bertaratu beharko dute. Tailerretan izena emateko azken eguna bihar, martxoak 7, izango da. Interesatuek museo@ingurugiroetxea.org helbidera mezua idatzi edo 943-81 24 48 telefonora deitu dezakete.