Karnabalak 2019

Ez du etenik mozorroen festak

Uztarria.eus 2019ko mar. 4a, 19:09

Karnabaletan murgilduta dago Azpeitia, eta festa usaina nabaria da bazter guztietan. Goizean, sokamuturra izan da gaztetxoentzat, eta, haren ostean, mozorro desfilea egin dute ehunka herritarrek Alde Zaharreko kaleetatik. Ordurako festan hasi dira hainbat lagun, eta arratsaldea iritsi bitartean denetariko bitxikeriak ikusi ahal izan dira herriko hainbat txokotan. Arratsaldeko sokamuturra hastearekin batera ekin diote haurren Dj festari Azoka Plazan. Musika emanaldiaz ez ezik, txokolatada ere eskaini diete bertaratu diren herritar guztiei. Arratsaldeak aurrera egin duen heinean gero eta mozorro gehiago ikusi ahal izan dira Azpeitiko kaleetan. Freddie Mercuryk hainbat agerraldi egin ditu egunean zehar. Goizean emanaldia eskaini du Erdikalean, eta arratsaldean hitza hartu du Artzubiako eraikin bateko balkoitik, sokamuturra zegoela aprobetxatuta. Gauean ikuskizun berezia eskainiko du Queen taldeak, 23:00etan hasita, kioskoan. 

Hona hemen datozen orduetako egitaraua:

19:30. Udal Musika Bandaren kalejira.

19:30. Urolatarrak txarangaren emanaldia.

23:30-02:30. Ilargi Beltza taldearen dantzaldia, plazako kioskoan.

00:00. Big Dancers panpin erraldoien ikuskizuna, Pasai txarangaren emanaldia eta Kolpez Blai perkusio taldearen emanaldia, kalez kale.

00:30. Itsasiko ttuntturroen kalejira.

00:30. Helduen mozorro lehiaketa.

01:30. Helduen mozorro lehiaketako sari banaketa, udaletxean.

02:00. Los Pasai txarangaren kalejira.