Gari, Montxo eta Joxelontxoren emanaldia izango da zapatuan

Uztarria.eus 2019ko mar. 6a, 09:59
Gari, Montxo eta Joxelontxo artxiboko irudi batean.

Soreasu antzokian izango da saioa, 16:30ean hasita. Emanaldirako sarrerak dagoeneko eros daitezke Kulturaz.eus webgunean eta Sanagustin kulturgunean, sei euroren trukean. Gari, Montxo eta Joxelontxo pailazoek 1995ean sortu zuten Tutik Clowns taldea. Kulturazek azaldu duenez, taldean pailazo eredua "desberdina" da.

Gari, Montxo eta Joxelontxo pailazoek emanaldia eskainiko dute zapatuan, 16:30ean hasita, Soreasu antzokian. Saiorako sarrerak dagoeneko eros daitezke Kulturaz.eus webgunean eta Sanagustin kulturgunean, sei euroren trukean. Egunean bertan ere izango dira salgai, Soreasu antzokiko lehiatilan, zortzi eurotan.

Gari, Montxo eta Joxelontxo pailazoek 1995ean sortu zuten Tutik Clowns taldea. Kulturazek azaldu duenez, taldean pailazo eredua "desberdina" da: "Gure inguruan nagusi diren pailazoen ereduaren desberdina da, zirkuko pailazo klasikoak baitira". Horrez gain, Gari, Montxo eta Joxelontxoren ikuskizunetan musikak "garrantzia" berezia duela azaldu du kooperatibak: "Musikari trebeak dira taldea osatzen duten hiru lagunak. Saxoa, tronpeta, tuba edo biolina bezalako tresna konbentzionalekin batera, zirkuan beti erabili izan diren musika tresna ezohizkoak ere jotzen dituzte, hala nola zerra musikala, kanpaitxoak edo eta zintzarriak".

Hiru pailazoen jantziak ere azpimarratu dituzte. "Benetako pailazo jantziak dira, dotoreak eta ikusgarriak. Eszenografiak ere zirkua dakar gogora, taldearen ikuskizunak zirku karpatxo baten aurrean izaten baitira".