Bizitakoa ikasbide

Uztarria.eus 2019ko mar. 5a, 17:21

Alkoholismoak mila aurpegi ditu, eta horietako bat da senideena. Haien ongizatea bermatzea xede duen talde bat bada Azpeitian: Izarraitz Al-Anon. Haiekin hitz egindakoak jaso ditu erreportaje honetan Ane Olaizola kazetariak, 2019ko otsaileko Uztarria aldizkarian.

Astelehen iluntzea da, eta astero bezala, 20:00ak jotzearekin batera elkartu da Izarraitz Al-Anon taldea. Goxo dago taldeak Soreasu kalean duen egoitza, eta halaxe ekin diote gaurko saioari Laurak, Mariak, Mirenek, Teresak eta Anak –asmatutako izenak dira guztiak–. Astea zer moduz igaro duten galdetuta ekin diote bilerari, eta guztiak ulerkorrak dira bataren eta bestearen hitzekiko. Izan ere, denek gauza bera dute komunean: senide eta gertuko alkoholikoak dituzte edo izan dituzte. Hori da bost lagunak lotzen dituen lokarria, baina bakoitzak bere istorioa du atzean, alkoholismoak mila forma har baititzazke. Gertutik bizi izan dute gaixotasuna, eta hein batean, beraiek ere eri bihurtu direla aitortu dute. Hariei tiraka eta batak besteari entzunez, esperientzia dute ikasbide, eta lotzen dituen soka askatzen saiatzen dira astero.

Alkoholismoaz hitz egitean, estereotipoetan erortzeko arriskua egon ohi da, baina jatorri bera duten hamaika istorio eta bizipen daude hura sufritu duen pertsona bakoitzaren atzean, eta horren erakusgarri da Izarraitz taldekoen errealitatea. Saioan, Mariak hartu du lehenik hitza, eta hark azaldu du amak "arazo larriak" zituela alkoholarekin eta senarra alkoholikoa zela. Bereizi egiten ditu bi kasuak: "Amari ez zioten inoiz gaixotasuna diagnostikatu, eta hark ere ez zuen inoiz aitortu alkoholikoa zela. Ama ez nuen inoiz edaten ikusi, baina beti gaixo zegoen. 17 urte nituenean, psikiatrikoan sartu zuten delirium tremensak jota, gehiegi edan zuelako. Orduan esan ziguten amak arazoa zuela alkoholarekin. Senarra, berriz, behin bakarrik ikusi nuen mozkortuta, baina txikiteoa egiten zuen, eta edaten zuenean, beste pertsona bat bihurtzen zen; obsesiboa zen edozer gauzarekin. Behin ingresatu egin zuten, eta guk uler genezan, senarrak alkoholari alergia ziola esan ziguten. Hari alkoholismoa diagnostikatu egin zioten, eta berak ere aitortu zuen gaixotasuna zuela".

Laurak ere ildo beretik hitz egin du, eta adierazi du senarrari gehiago alkoholik ezin izango zuela edan esan ziotenean, gizona "izututa" geratu zela. "Sendagileak hori esan zigunean eta nire senarraren aurpegia ikusi nuenean jabetu nintzen zuen arazoaz. Orduan hasi zen gure borroka: nirea, senarrak edan ez zezan, eta senarrarena, edan zezan. Borroka horretan hondoa jo nuen, fisikoki zein emozionalki akitu ninduen".

Familian kutsatzen den gaitza da alkoholismoa, taldekideen hitzetan. "Pertsona bat dago edaten duena, baina bere inguruan bizi garenok haren edateko moduaz kutsatzen gara. Guk ere ohitura batzuk hartzen ditugu, arazoei aurre egin nahian". Dena den, Al-Anonera jotzen dutenek azpimarratu dute alkoholaren aurrean senideek eta lagunek ezin dutela ezer egin, eta hori onartzea da lehen gakoa: "Onartu egin behar dugu alkoholaren aurrean ahalmenik ez dugula, ondokoak edatea nahi badu, edan egingo duelako. Hona etortzerako, mila aldiz saiatu gara gure senideek alkohola utz dezaten, baina hori ez dago gure esku", esan du Laurak.

Ideia horretatik abiatuta, taldekideek argi dute bileretara beraien ongizatearengatik joan behar dutela, ez alkoholaren mendean daudenen ongizateagatik. "Senideek eta lagunek norbere buruan pentsatu behar dute, aldaketak egin eta hobeto bizi daitezen. Gu ahalik eta ondoen egoten saiatzen gara hemen", esan du Mirenek. Bilera bakoitzean gai jakin batez hitz egiten dute, eta gaurkoan, norbera den modukoa izatearen garrantziaz aritu dira hizketan. Al-Anonek dituen liburuak dituzte horretarako abiapuntu, eta horietako baten zatia irakurri du Mariak. Besteak beste, norberaren askatasuna, norberarekiko zintzotasuna edota norbere burua maitatzea jorratu dituzte irakurketan. Izan ere, Mariak adierazi du senideak gaixoaren "apendizeak" izan ohi direla: "Gaixoak etxean geratzea nahi badu, guk ere han egon behar dugu askotan. Baina guk ere aukeratu egin behar dugu zer egin, hori familian arazo bilakatu gabe eta elkar ulertuz eta negoziatuz". Bide horretan, Anak "aldaketa handia" eman duela esan dute taldekideek; izan ere, duela urte batzuk arte, senarrarekin tabernan egon behar izaten zuen hark, "senarrak handik joatea erabakitzen zuen arte".

Bileretara joaten hasi zirenetik, izaera eta jokabidea asko aldatu zaizkiela sumatzen dute taldekideek. Mariaren arabera, oso garrantzitsua da alkoholaren mende dagoen pertsonarekin edan gabe dagoenean hitz egitea. Zerbait hitz ematen dutenean, berriz, esandako hori betetzea "oinarrizkoa" dela deritzo: "Bi aldiz pentsatu behar duzu esandako hori beteko duzun edo ez. Esan eta betetzen ez baduzu, galduta zaude". Laurak, berriz, senideekin izaten diren eztabaidetan "bestelako bideak" hartzearen garrantzia azpimarratu du: "Senarra eta biok sesioan hasten ginenean, zirkulu batean sartzen ginen beti. Uste duzu beti gurpil horretan joan behar duzula; gaixoarekin duzun harremana ere horrelakoa da, baina egun batean, beste bide bat hartzen duzu. Gaixoa, orduan, harritu egiten da, eta halako gauzek pentsarazi egiten diote. Aldaketa txikiak dira, baina asko laguntzen dute". Horrez gain, guztiek aitortu dute "obsesionatuta" egon direla alkoholarekin, baina hori ere kudeatzen ikasi dute bileretan. "Lehen, pentsatzen nuen guztiaren kontrola izan behar nuela, eta ez nuen bizitza propiorik. Izugarrizko sufrimendua zen bestearen bizitza kontrolatzen ibiltzea, eta hemen, gauza txikiekin, askatu egiten zara", dio Laurak.

Taldekideak jakitun dira aldaketa horiek pausoz pauso egin behar direla, bidea ez baita erraza eta motza izango. Bidenabar, beste pertsonei entzutea garrantzitsua dela adierazi du Teresak. "Gogoratzen naiz Al-Anonera etorri nintzen lehen bilera hartan oso urduri nengoela. Jende ugari zegoen, eta guztiak irribarretsu zeuden. Nik, berriz, flan bat nirudien. Astero bileretan entzundakoa buruan hartu eta modu horretan eman diot buelta arazoari".

Bizkarreko motxila hustu

"Hona etortzen hasten garenean, mila zalantza izaten ditugu: ondoan dudana alkoholikoa izango ote da? Arinegi pentsatzen ari ote naiz?". Ordea, bileretara joaten hasteko baldintza bakarra honako hau da: "Senide edo lagun batek daukan edateko moduak kezkatzen duen edonor batu daiteke taldera". Al-Anonera jotzeko, ez dago izena eman beharrik, eta saioetan ez diote inori zer egin behar duen esaten. "Kide berri bat etortzen denean, esaten diogu gu ere hortik igaro garela eta zer egin dugun horren aurrean, baina guk ez dugu ezagutzen gaixo hori, eta berak erabaki behar du zer egin".  Kide berriek "motxila beteta" izaten dute, eta aurreneko gauza izaten da haiei entzutea. "Hasieran, beharbada, ez dute ezer ulertuko, eta askok uste dute pilula magiko batek dena konponduko duela, baina hemen ez dago halakorik. Jarrera aldatzea da kontua". Anonimotasunak, gainera, berebiziko garrantzia du taldean, eta saioetan kontatzen dutena saioetan geratzen da. "Hona etortzen garenok zama handia izaten dugu, eta, agian, inori esan ez dizkiozun gauzak kontatzen ditugu hemen. Hemen ulertzen gaituen jendea dago, eta beste modu batean irekitzen gara".

Bost emakumeek berretsi dute "benetako pisua" kendu dutela Al-Anoni esker, eta beraien jarrera aldaketak inguruan eragina izan duela adierazi dute, baita alkoholaren mende egon direnengan ere. Jada ez dute alkoholismoaren arazoa etxean, baina bileretara joaten jarraitzen dute, "bizitzaren filosofiatzat" hartzen dutelako taldea. "Bizitza ikusteko modua" aldatu zaie senideei, saioetan jasotakoa biztzaren arlo guztietan jartzen baitute praktikan.