Vicentek eta Saralegik garaipena berritu dute Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan

Uztarria.eus 2019ko mar. 3a, 11:26

Nafarroara, Bizkaira eta Azkoitira joan ziren atzo Izarraitz pilotalekuan jokoan jarri zituzten herri kiroletako lau txapelak, eta alerik ez zen gelditu etxean.

Jaialdiko final nagusian, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketarenean, iazko garaipena berretsi zuten Iker Vicente eta Ruben Saralegi nafarrek, nagusitasun osoz berretsi ere: 27 minutu eta 9 segundo behar izan zituzten txapeldunek lanak betetzeko, iaz bezala bigarren sailkatu ziren Aitzol Atutxak eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak baino minututik gora gutxiago (28’15’’). Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Eneko Otaño beizamarrak, berriz, ez zuten aukera handirik izan binakako beren aurreneko finalean (29’37’’).

Urrezko Harri-jasotze Txapelketan, berriz, Jon Unanue Goenatxo III.ak jantzi zuen txapela. Kanporaketetan marka onena eginda iritsi zen finalera azkoitiarra, eta atzo ere bera izan zen onena: 19 altxaldi eman zizkien, guztira, finalistek esku artean erabili behar zituzten bi harriei, 175 kiloko errektangularrari eta 150 kiloko kubikoari, denera 3.075 kilo batzeko. Aimar Galarraga oriotarra ez zen Goenatxorengandik oso urruti ibili (2.925 kilo batu zituen, 18 jasoalditan), baina bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilagunak, berriz, ezin izan zion iaz lortutako txapelari eutsi eta bi finalkideengandik urruti gelditu zen, 15 altxaldirekin eta 2.475 kilorekin.

Nerea Sorondok jantzi zuen txapela Emakumeen Urrezko Banakako Txapelketan, Maika Ariztegi aurreko txapeldunari eta Irati Astondoari aurrea hartuta. 23 urtez azpikoen finalean, berriz, Julen Larreak eta Hodei Ezpeletak osatutako bikotearentzat izan zen garaipena; Aritz Azpiazu Arria VI.a azpeitiarra eta Joxean Etxeberria hirugarren tokian sailkatu ziren.

 

(Argazkiak: Ibon Errazu)