Martxoaren 8an

Martxoaren 8an grebara deitu ditu herriko emakumeak Basanderiek talde feministak

Uztarria.eus 2019ko mar. 2a, 16:37

Martxoaren 8an herriko emakumeak grebara deitu ditu gaur eguerdian Basanderiek talde feministak. Hainbat ardatzetan oinarritutako greba feminista izango da M8koa: zaintza, pentsionistak, ikasleak eta kontsumoa. Agerraldia egin dute Emakume Txokoaren aurrean, eta beste hainbat herriko emakumek ere babesa agertu diote deialdiari. Era berean, greba egunerako antolatutako ekitaldien berri eman dute.

"Martxoaren 8an, Euskal Herriko eta munduko emakume, trans eta bollerek berriro egingo dugu planto. Bost ardatzetan oinarrituta egingo dugu greba feminista; zaintza greba, pentsionisten greba, ikasleen greba eta kontsumo greba", adierazi du Basanderiek talde feministak gaur eguerdian Emakume Txokoaren aurrean egindako agerraldian. Botere harremanak "errotik aldatu eta bizitza sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko", feminismoan antolatuta eta kolektiboki borrokan jarraitu beharra nabarmendu du taldeak. "Sistema heteropatrialka kapitalistaren baitan", bizi baldintzak orokorrean okertzen ari direla, eta hori "normalizatzen" ari dela salatu dute.

Martxoaren 8ko greba feministarako, "emakume* anitzok lurzoru komun batean sustraitutako borroka artikulatu dugu. Oinarri ideologiko eta helburu politiko konpartitu batzuk dituen lurzorua: feminismo antikapitalista-antikolonialista eta heteroarauaren kontrakoa". Hala, greba antolatzeko orduan "deszentralizazioa lehenetsi" dute, eta horrekin bat Azpeitian bertan mobilizazio eta ekintza ugari antolatu dituzte M8rako. Goizean goiz hasi eta iluntzera arteko mobilizazio eguna iragarri dute greba egunekoa.

Martxoaren 8an, egunean zehar, zaintza gune bat izango dela ere azaldu du talde feministak. Iturritxiki ludotekan egongo da zaintza gunea, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Horrez gain, Sanjuandegiko Txiki Txoko ludoteka ere irekita egongo da 15:00etatik 19:30era bitartean. Haurrak zaintza guneetakoren batean uzteko asmoa dutenek aurrez basanderiek@gmail.com helbide elektronikora idazteko eskatu dute.

Greba ikusarazi eta zaintza lanek duten garrantzia azpimarratzeko aurrekomantalak etxeko balkoietan jartzeko deia ere egin du mugimendu feministak.

Martxoak 8. Egitaraua

- 10:30. Kalejira. Sanjuandegiko Baigera aurreko plazatxotik abiatuta, herriko plaza nagusira.

- 12:00. Plaza Txikian elkartu, eta pixkanaka herriko plazara sartzen joango dira, bertan lekua hartu eta mosaikoa osatzeko. Txupinazoa botako dute.

- 12:00. Dendak itxita. "Herriko dendariek grebaren aldarriekin bat egiteko, dendak itxiko dituzte", azaldu du Basanderiek talde feministak.

- 14:00. Bazkari feminista, Azoka Plazan. Herriko hainbat gizonezkok prestatuko du bazkaria. Bazkarirako aurrez izena eman behar da. Izena emateko tokiak: Emakume Txokoa, Orkatz, Sanagustin kulturgunea, Baigera I eta Baigera II. Internet bidez ere eman daiteke izena basanderiek@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

- Bazkalondoan, mahai ingurua Azoka Plazan. Gaia: Borroka feministaren bilakaera Azpeitian.

- Arratsaldean, tailerrak: futbola, judoa eta eztabaida txokoa.

- 18:30. Mikro irekia, plazako arkupeetan. Emakumeak animatu dituzte bertan parte hartzera "abestu, irakurri, bertsoak bota, trikitia jo…"

- 20:00. Manifestazioa zaratatsua, Heteropatriarkatu kapitalistari planto, emakumeok* greba! lelo hartuta. Herriko plazatik irtengo du.

- 21:30. Afari autogestionatua, plazako arkupeetan. Janaria etxetik eraman beharko da.

- 22:30. DJ Fina y Segura, plazako arkupeetan.