Energia aurrezteko, isolamendurako sistema eta eguzki plakak ezarri dituzte igerilekuan

Uztarria.eus 2019ko mar. 1a, 19:01
Gorka Narbaiza, Estitxu Elduaien, Aitor Bereziartua eta Alberto Claudios, igerilekuko eguzki plakak atzean dituztela.

Lanak gauzatzeko, Feder erakundeak 491.567,60 euroko dirulaguntza eman dio Azpeitiko Udalari. 2013tik 2018ra, metro karratuko %44 jaitsi da energia kontsumoa igerilekuko eraikinean. Erabiltzaile kopuruak gora egin du, eta "epe motzean", gimnasioa handitzeko lanak egingo dituzte.

Azpeitiko igerilekuan egin dituzten eta aurrera begira egingo dituzten lanen inguruko zertzeladak eman dituzte gaur, ostirala, Udaleko eta obrez arduratu diren enpresetako ordezkariek, eraikinean bertan. Estitxu Elduaien zinegotziak azaldu duenez, Azpeitiko Udalak urte dezente daramatza igerilekuko eraikinean egokitzapenak egiten, bi helburu nagusirekin: batetik, energiaren kontsumoan hobekuntzak egiteko lanean ari dira, eta bestetik, zerbitzua hobetzeko ahaleginean.

Elduaienen arabera, energia gehien kontsumitzen duen Azpeitiko eraikin publikoa da igerilekua, eta horren aurrean, beti izan dute "erronka" bat: ingurumenari ahalik eta kalte gutxien eragitea. Bide horretan, geotermia instalazioa jarri zuten igerilakuan 2014an, eta orain, energia aurrezteko itxiturak eraberritzeko proiektua eta autokontsumorako eguzki plakak jarri dituzte martxan. Gainera, kontsumoaren kontrola eramango duen sistema informatikoa ere ezarriko dute; uztail alderako lan horiek amaituko dituztela aurreikusten dute. Horrek guztiak, kontsumoa gutxitzeaz gain, dirua aurreztea ere ekarriko du, Udal ordezkarien esanetan. 

Berri on bat ere jaso du Udalak duela gutxi. Hain zuzen ere, efizientzia hobetzeko proiektua garatzeko eta eguzki plakak ezartzeko dirulaguntza eskatu zion Europako Batasunari 2017an, eta onuraduna izan da erakundea. Karbono dioxidoa gutxitzea helburu duten tokiko proiektuak sustatzeko dirulaguntzak ematen ditu Feder erakundeak, eta Udalak 491.567,60 euroko laguntza eskuratu du igerilekuko lanak gauzatzeko.

Energia aurrezten

Aitor Bereziartua zinegotziak azken urteotan energia aurreztea lortu dutela azaldu du, eta datu zehatzak eman ditu. Hark esan duenez, ur termalen instalazioari esker, 2015az geroztik, urtean 670.000 kWh aurreztu dituzte; 57,35 TEP petrolio isurtzea saihestu dute; eta 41.660 euro aurreztu dituzte urteko fakturan. Horiek datu errealak dira, eta horrez gain, ezarri berri dituzten instalazioekin lortzea espero duten kopuruak ere aurreratu ditu: itxiturekin, urtean 210.474,88 kWh, 18,10 TEP eta 15.103 euro aurreztuko dituztela aurreikusten dute, eta autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaikoarekin, 103.400 kWh, 18,10 TEP eta 12.680 euro.

2013tik gaur egunera arte hainbat egokitzapen egin du Udalak igerilekuan, eta horrek energia gutxiago kontsumitzea eragin du. 2013an, igerilekuak 3.000 metro karratu inguru zituen, eta egun, 4.000 inguru ditu. Azken sei urteotan, metro karratuko 342 kWh gutxiago kontsumitzen direla jakinarazi du Bereziartuak; hau da, metro karratuko %44 jaitsi da kontsumoa. Fakturan, berriz, metro karratuko 28,2 euro ari da aurrezten Udala. "Horri gehitu beharko zaio itxituren proiektuarekin eta eguzki plakenarekin aurreztuko duguna. Gainera, CO2 gutxiago isuriko dugu airera".

Gimnasioa handitzeko proiektua

Instalazio berriak ezartzeak energia aurreztea ahalbidetuko du, eta gastuek ere behera egingo dutenez, "inbertsioa" egiteko aukera izango da, Elduaienen esanetan. Duela lau urte igerilekua handitzeko lanak egin zituzten, baina azken urteotan, asko hazi da erabiltzaile kopurua, haren arabera. Hain zuzen ere, 2013tik 2018ra %21,8 egin du gora erabiltzaile kopuruak; eraikinak 5.539 erabiltzaile zituen 2013an, eta 2018an, 6.746. Batez beste, egunean 600 bat lagun igarotzen dira igerilekuko eraikinetik. Igoera horren ondorioz, aurrera begira gimnasioa txiki geldi daitekeela aurreikusi dute, eta epe laburrean, gimnasioa handitzeko proiektua garatuko dutela jakinarazi du Elduaienek. "Obra hori aurtengo udan edo datorren urtekoan egingo dugu".

Gainera, hark adierazi du, duela lau urte obrak egin zituztenean egokitu gabe gelditu zen gune batean lanak egin dituztela: azken solairuan dantzarako erabiltzen zen aretoan, hain zuzen ere. Askotariko jardueretarako baliagarria den areto bat egokitu dute gune horretan, eta erabilgarri dago dagoeneko.