Karnabalak 2019

Mozorroz jantzi dira ikastetxeetako jolastokiak

Uztarria.eus 2019ko mar. 1a, 17:39

Kolorez bete dira gaur, ostirala, Azpeitiko Karmelo Etxegarai Ikastolako eta Iraurgi Ikastetxeko jolastokiak; izan ere, bi ikastetxe horietan arratsaldez egin dituzte karnabaletako ospakizunak. Karmelo Etxegaraiko Haur Hezkuntzako ikasleek Euskal Herria kaleko eraikinean egin dute mozorro festa; desfileaz, dantzez, zezenaz eta buruhandiez gozatu ahal izango dute. Gainera, Lehen Hezkuntzako 5. mailako kaldereroz jantzi diren ikasleen bisita jaso dute txikienek. Lehen Hezkuntzako ikasleek, berriz, Perdillegi kaleko eraikinean egin dituzte ekintzak; besteak beste, dantzak eta karaokea egin dituzte. Halaber, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak San Martin egoitzara joan dira, egoiliarrak inauterietako abestiekin girotzera. Iraurgi Ikastetxeko ikasleek eta irakasleek ere festa giroan pasatu dute arratsaldea: mailaz maila, hainbat dantza egin dute ikasleek, gurasoen begiradapean. Han ere askotariko mozorroak ikusi ahal izan dira.

Herriko txikienak murgildu dira dagoeneko karnabaletan, baina festak ez du etenik izango gaur; izan ere, Urtero legez, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko nahiz Batxilergoko ikasleek euskal inauterien kalejira eskainiko dute, 18:30ean Olazko Andre Mariaren plazatik abiatuta. Segidan, Alde Zaharrean barrena kalejira egingo dute –plaza, Elizkale, parrokia ataria, Perez Arregi plazatxoa, Erdikalea, Plaza Txikia eta plaza– joariek, zanpantzarrek, bolantek, mamoxarroek, kotilungorriek, txatxoek eta zanpantzarrek. Hainbat dantza egingo dute horiek, hala nola sorgin dantza, azeri dantza eta biribilketa. Ibilbidea plazan bukatuko dute 19:30 aldean, hainbat dantza eskainita.