Agirrezabala, Labaka eta Ion lehiatuko dira erremonteko IX. Sagardoaren Txapelketan

Uztarria.eus 2019ko ots. 27a, 15:25
IX. Sagardoaren Txapelketa jokatuko duten erremontistak. (Oriamendi 2010)

Bihar jokatuko da IX. Sagardoaren Txapelketako lehen partida, eta Labakak eta Utergak Juanenearen eta Azpirozen kontra neurtuko dituzte indarrak. Sariketaren finala maiatzaren 4an izango da.

Hastear da erremonteko IX. Sagardoaren Txapelketa, eta aurtengoan ere ez da azpeitiarrik faltako lehiak iraun bitartean. Agirrezabala, Labaka eta Ion erremontista azpeitiarrek jokatuko dute txapelketa, beste hamahiru lagunekin batera. Guztira, zortzi bikotek parte hartuko dute sariketan, eta bakoitzak sagardotegi bat ordezkatuko du: Segurola-Endika (Petritegi), Juanenea-Azpiroz (Larre Gain), Ezkurra II-Garces (Gurutzeta), Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Uterga-Labaka (Bereziartua), Etxarri-Ion (Altzueta), Urriza-Zaldua (Gaztañaga) eta Ansa II-Agirrezabala (Setien).

Zortzi bikoteak bi multzotan banatuko dira. A multzoan Segurola-Endika (Petritegi), Juanenea-Azpiroz (Larre Gain), Uterga-Labaka (Bereziartua) eta Urriza-Zaldua (Gaztañaga) bikoteak lehiatuko dira. B multzoa, berriz, Ezkurra II.ak eta Garcesek, Goikoetxea V.ak eta Barrenetxea IV.ak, Etxarrik eta Ionek eta Ansa II.ak eta Agirrezabalak osatuko dute. 

Multzo bakoitzeko hirugarren eta laugarren sailkatuek elkarren kontra jokatuko dute final zortzirenetan, eta irabazleek final laurdenak jokatuko dituzte lehen fasean bigarren sailkatu direnen kontra. Behin ligaxka jokatuta, multzo bakoitzeko bi bikote onenak sailkatuko dira finalaurrekoetara. Finala maiatzaren 4an izango da, Hernaniko Galarreta frontoian.

Txapelketako lehen partida bihar, osteguna, jokatuko da. A multzoko Utergak eta Labakak talde bereko Juanenearen eta Azpirozen kontra neurtuko dituzte indarrak Galarretan.