Aspaldiko ezagunak, bikote berria osatuta

Urola Kostako Hitza 2019ko ots. 27a, 12:09
neko Otaño eta Mikel Larrañaga aizkolariak, lanabesak eskuetan. (Mailo Oiarzabal)

Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Eneko Otaño beizamarrak osatzen dute larunbatean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko den Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren finaleko bikoteetako bat.

Herri kirol zaleen elkargune bihurtuko da, beste behin, Azpeitiko Izarraitz pilotalekua zapatu honetan. 17:30ean hasita, lau final jokatuko dituzte bertan, aizkorakoak hiru eta harri-jasotzekoa bat: Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketarena, Emakumeen Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketarena, Urrezko Harri-jasotze Txapelketarena eta gazte mailako Binakako Aizkolari Txapelketarena.

Eskualdeko kirolarien presentzia nabarmena izango da martxoaren 2ko hitzorduan. Guztira, Urola Kostako lau aizkolari eta hiru harri-jasotzaile lehiatuko dira finaletan. Lautik hiru finaletan ariko dira eskualdeko ordezkariak –emakumeen finalean ez– , eta hiruk jokatuko dute arratsaldeko final nagusia izango dena, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketarena: Mikel Larrañaga azpeitiarrak, Eneko Otaño beizamarrak eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak.

Binakako lehen finala

Iker Vicente eta Ruben Saralegi egungo txapeldunek eta iaz bigarren sailkatu ziren Txikiak eta Aitzol Atutxak badakite zer den Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren finalean aritzea. Larrañagarentzat (Azpeitia, 1989) eta Otañorentzat (Beizama, 1994), aldiz, zapatukoa izango da beren kirol ibilbidean jokatuko duten binakako lehen finala. Banakako finaletan majo zaildutakoak dira biak, txapelak irabaztea zer den ere badakite, baina binaka "inoiz ez" dute finalik jokatu.

Gainera, elkar ondo baino hobeto ezagutzen duten arren eta txapelketetan zein erakustaldietan elkarrekin sarritan ibilitakoak diren arren, txapelketa honetan elkartu dituzte lehen aldiz bikotea osatzeko. Egur Sport enpresak antolatzen ditu urrezko txapelketa hauek, eta antolatzaileek erabakitzen dituzte bikoteak. Horregatik, "gustura" hartu zuten albistea Larrañagak eta Otañok elkarrekin arituko zirela jakin zutenean. "Orain arte, beti jarri izan gaituzte nafarren batekin edo, eta hara eta hona ibili behar izan gara txapelketak prestatzeko", dio Otañok, bikotekidea bailarakoa izatearen abantaila nabarmentzeko. "Biok bertakoak izanda, gainera, geuretzako ere polita izango da lan on bat egiten badugu", gaineratu du Larrañagak, Izarraizko hitzordua gogoan.

Ez dute, hala ere, txapela janzteko esperantza handirik erakutsi. Sasoi punturik onenean ez daudela diote, txapelketa ganoraz prestatzeko astirik ez dutela izan ere bai; guzti hori, Azpeitian aurkari izango dituzten bikoteen maila ahaztu gabe.

Gipuzkoaren bolada

Zapatuan Izarraitzen Urola Kostak izango duen ordezkaritza aipagarria hizpide hartuta, herri kiroletan Gipuzkoak hartu duen indarra nabarmendu dute etxeko bikotearen kideek. "Momentu honetan, bai aizkoran eta bai harri-jasotzen, Gipuzkoan dago mailarik onena, nahiz eta aizkoran txapelduna bizkaitarra den", dio Otañok, Atutxari aipamena eginez. Bolada kontua dela uste du, bere aldetik, Larrañagak. "Nafarroak izan zuen berea duela urte batzuk, eta azken urteetan Gipuzkoa ari da izaten". Aizkoran Gipuzkoari "txapelduna falta" zaiola aipatu du Beizamakoak, eta hor hasi dira biak, pilotan. "Zail dago kontua. Honek egiten ez badu…", bota dio beteranoenak gazteari. "Bai, ederra! Hire atzetik nagok oraindik, hiri tokatzen zaik", itzuli dio, boteprontoan, gazteak beteranoenari.

Zapatuan ikusiko da zer egiten duten elkarrekin jokatuko duten lehen finalean. Emaitza dena delakoa izan, elkar ondo hartzen ez dutelako ez da izango, behintzat.

Beste finaletako protagonistak

Aizkorako final nagusian ez da segurua txapelak eskualdean geratzea. Bai, ordea, harri-jasotzekoan. Izan ere, final horretan nor baino nor ariko diren hirurak dira bertakoak. Horrela, Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilagunak iaz txapelketa berean lortutako garaipena berresteko aukera izango du, eta hari lorpen hori eragozten ahaleginduko dira Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra eta Aimar Galarraga oriotarra. Kanporaketetan, Goenatxok lortu zuen marka onena, 18 jasoaldirekin 2.925 kilo batuta. Guzta eta Galarraga, berriz, pare-pareko lanak eginda iritsi dira finalera: 2.625 kilo, 16 jasoalditan.

Gazte mailako finaleko aizkolariak dira aurrez kanporaketarik jokatu ez duten bakarrak. Lau bikotek jokatuko dute 23 urtez azpikoentzako txapelketa: Julen Larreak eta Hodei Ezpeletak, Oier eta Xuban Kañamaresek, Zelai III.ak eta Unai Zabalak, eta Joxean Etxeberriak eta Aritz Azpiazu Arria VI.a azpeitiarrak.

Emakumeen aizkorako finalean, berriz, Maika Ariztegi, Nerea Sorondo eta Irati Astondoa ariko dira.