Akordiotik gero eta gertuago daude suhiltzaileak eta aldundia

Uztarria.eus 2019ko ots. 27a, 10:53

Suhiltzaileen ordezkarien arabera "konpromisoa" hartu dute bi aldeek. Pertsonal gabeziak beteko dituzte suhiltzaileek, eta aldundiak abenduan osatu zuen lanpoltsatik 48 lagun kontratatuko ditu. Suhiltzaileen langileen ordezkarien arabera, "erdi bideko" neurria da aldundiak hartutakoa: "48 suhiltzaile horiek ez dira guk eskatzen genuen gutxienekoa; izan ere, horiek ordezkapenak-eta egingo dituzte".

Gipuzkoako suhiltzaileen afera hasi da argia ikusten. Izan ere, joan zen ostegunean bilera egin zuten Gipuzkoako suhiltzaileen ordezkariek eta Foru Aldundikoek, eta batzar hartan 48 suhiltzaile gehiago kontratatzea proposatu zuen foru erakundeak. Aldundiaren menpeko suhiltzaileen langile batzordeko kide Garikoitz Olaizolak azaldu duenez, baina, oraindik ez dute lortu akordiorik: "Konpromisoa da dagoena". Hark garbi utzi nahi izan du, akordiorik ez dutela sinatu, "oraindik gauza asko lotzeko" daudelako.

Dena den, osteguneko bileran bi aldeek konpromiso bana hartu zuten: suhiltzaileek, abendura arte egin zuten gisan, suhiltzaile gabezia betetzen jarraituko dute datozen hiru asteetan; aldundiak, berriz, abenduan osatutako lanpoltsa berrituko du, ondoren 48 suhiltzaile bertatik kontratatzeko –martxoan hasiko dira horiek lanean, gradualki–. "Suhiltzaileen kolektiboa ordu pila bat gehiago sartuta iritsi zen abendura, aldundiaren gutxiengo zerbitzua betetzeko suhiltzaileak falta zirelako. Abenduan, aldundiari esan genion jada onartuta zegoela 71 suhiltzaile berri kontratatzea aurreikusten zuen plan estrategikoa Batzar Nagusietan eta ez genuela ordu gehiago sartuko. Eta gatazkan sortu zen", azaldu du Olaizolak. "Parke bat itxi zuten –Legazpikoa–, gutxieneko kopuruaren azpitik izan dira lantaldeak eta egoera larritu egin zen".

Arazoari irtenbidea emateko hainbat bilera egin dute bi aldeek, baina osteguneko bilerara arte ez zuten adostasunik lortu. "Egoeraren larritasuna ikusita, ostegunean aldundiak eskatu zigun, abendura arte egin genuen moduan, langileen absentziak betetzeko, hiru asteotan erakundeak lanpoltsa osatu bitartean". Aldundiak mahaiaren gainean jarri zuen, hain zuzen ere, 48 langile kontratatzea, eta Olaizolaren arabera, "erdi bide batera" iritsi dira bi aldeak: "48 suhiltzaile horiek ez dira guk eskatzen genuen gutxienekoa; izan ere, horiek ordezkapenak-eta egingo dituzte, eta horregatik, lantaldeetan askotan ez gara bost lagun izango; lau eta errefortzu bat izango gara, bosgarren langileak hutsunea dagoen tokian egingo baitu lan. Mahaiaren gainean jarri dute, gainera, 2019an Lan Eskaintza Publikoa egitea, eta 2020tik aurrera, ahal duten neurrian, 48 langile horiek plantilan txertatzea, bosteko lantaldeak egonkortzeko bidean".

Olaizolak gogorarazi du Gipuzkoa Babestu 20_30 plana onartuta dagoela Batzar Nagusietan, eta plan horretan jasota dagoenez, suhiltzaileen lantaldeak sei lagunekoak izango direla adierazi du. Dena den, hark onartu du bosteko gutxieneko taldea osatzeko bidean "urrats bat" dela aldundiak mahaigaineratu duen proposamena, eta azaldu du suhiltzaileak egoera aztertzen ari direla. "Administrazioari keinu egin diogu, baina hitza betetzeko eskatzen diogu. Izan ere, hartu duen erabakia ez da nahikoa. Gipuzkoan parke bat itxi dute, eta ez dugu nahi beste bat ixterik; ez dugu nahi herritarrek gatazka honen ondorioak jasaterik".

Baliabideak indartzea xede

"Suhiltzaile zerbitzuaren modernizazioarekiko eta sendotzearekiko konpromisoa berretsi du gaur aldundiak", azaldu zuen Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak joan zen osteguneko bileraren ostean. 48 suhiltzaileren kontratazioaren berri eman zuen diputatuak, eta haren arabera, txanda bakoitzeko "suhiltzaile bat gehiago" izango da martxotik aurrera. Lasak azaldu zuenez, Lan Eskaintza Publikoa ere egingo dute. "Langileen ordezkariekin egindako bileran adostu ditugu neurriak, eta interlokuzioa etengabekoa da". Lasaren arabera, aldundia "beharrei erantzuna ematen" ari da, "pisu handiko" neurri zehatzekin: "Sindikatuen ordezkariek badakite hori".

Bestalde, aldundiak esan du Gipuzkoa Babestu 20_30 plana garatzen hasteko kronograma ere prestatu duela, eta gogorarazi du giza baliabideak indartzea dela planean jasota dagoen ekintzetako bat. Lasak esan duenez, plan hori "oso baliagarria" da "premiazkoa" den zerbitzua eraberritzeko: "Suhiltzaileen ezagutza eta eskarmentua dago tresna horren oinarrian, eta martxan jartzea da eskatzen digutena. Denok jarri behar dugu zerbait gure partetik hori lortzeko, baina horrek eskatzen du alderdi interesak eta oportunismoa alde batera uztea".

Udalbatzarretan izan dira

Gaur egun, funtzionario diren 204 suhiltzaile eta kabo daude Gipuzkoako Foru Aldundiaren suhiltzaile zerbitzuan, eta langile horiek osatzen dituzte Gipuzkoako zortzi suhiltzaile etxetako eguneroko txandak. Irunen sei laguneko lantaldeak osatzen dituzte txandak egiteko, eta gainerako guztietan laukoak.

Otsailaren hasieran, Udalak egindako ohiko bilkuran izan ziren Azpeitiko parkeko suhiltzaileen ordezkariak. Haiek Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartutako plan estrategikoa betetzea eta langile kopurua handitzea eskatu zuten, eta EH Bilduk eta EAJk mozio bana aurkeztu zuten. Udalbatza osatzen duten bi alderdiak ados agertu ziren Gipuzkoa Babestu 20_30 plan estrategikoarekin eta suhiltzaileen eskaerekin, baina EAJk hobekuntzak egiteko EH Bilduk eskatzen zuen prozedurarekin ez zuen bat egin. Horrenbestez, alderdi bakoitzak bere mozioa onartu zuen.